Vicente Ameztoi lau kolpetan
Azaroaren 6an 25 urte beteko dira Vicente Ameztoi margolaria hil zela. Urteurrena baliatuz, haren ibilbidea eta obra laburbildu dute lau adituk, bakoitzak margolariaren lan bana hautatuta. Haren alderdi politikoa eta inplikazioa jarri dute agerian.
Vicente Ameztoi, haren autorretratu batean. Berria Lan molde pausatu, arretatsu eta nekeza zen Vicente Ameztoi Olasagastirena (Donostia, 1946 – Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 2001). Ez zuen nolanahi margotzen, ez zernahirekin ere, eta are gutxiago edozertaz. Ondu nahi zuen artelan bakoitzak denbora eta ardura eskatzen zioten, eta azken muturreraino jarraitzen zion egindako pauso bakoitzaren emaitzari, haren unibertsoari zentzua ematen zioten elementuak eta ideologia baliatuz beti, orobat begetazioa. Garai hartako joera abstraktutik urrun, arte figuratibo oso xehea landu zuen. Ez zen, hortaz, artista oparoa izan. Alta, pintore garaikide estimatuenetako bat da, eta publiko zabal batek ezagutzen ditu haren lan sonatuenak.
Surrealismoari, barne mundu onirikoari eta sinbolismoari lotu izan zaie Ameztoiren izena. Haren artelanetan, paisaia harrigarriak, eszena kezkagarriak eta izaki zehatzezinak aurki daitezke, zenbaitetan haren familiako kideen irudiekin nahasian. Bere burua ere sarri margotzen zuen halako eszenetan, «haragizko eta klorofilazko» izaki bat balitz bezala margotu ere, gehienetan. Hain zuzen, izenburu hori bera ipini zioten haren lanen antologia batu zuen erakusketari, 1990ean, Donostian. Koadroak ez ezik, litografiak, Euskadi Sioux zein Zeruko Argia aldizkarietan egindako marrazki, ilustrazio eta azalak, kartelak, kaxak, diskoen karatulak eta bestelakoak erakutsi zituzten orduko hartan. Izan ere, formatu eta esparru ugaritan utzi zuen bere arrastoa.
Lerrotara batutako lau adituetako bakoitzak bere ertzetik heldu dio Ameztoiren ekarriari. Eta denek ere artearekiko ardura eta garai hartako kezkekiko inplikazioa nabarmendu dute.
Erreportaje hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; osorik irakurri dezakezue, Berria-n.

