5.000 parte hartzaile izatera iritsi nahi du Katxalin Elkartasun Martxak
2026ko Katxalin Martxaren aurkezpena.Donostiako Udala Donostiako hamabigarren Katxalin Elkartasun Martxa aurkeztu dute astearte goizean Donostiako Udaletxean: azaroaren 15ean izango da (igandea), 10:30ean, Saguesetik abiatuta. Bularreko minbiziaren aurkako Katxalin elkarteak antolatzen du martxa urtero, Donostian. Aurten, 5.000 parte hartzaile izateko helburua ezarri du elkarteak, baita “martxa bularreko minbizia duten gaixo guztiek ikerketan jartzen duten itxaropenaren Gipuzkoako ikur bihurtzea” ere.
Hain zuzen ere, “gaixotasun hau ikusarazi nahi dugu eta ikertzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu”, nabarmendu dute antolatzaileek: “Bularreko minbiziak oso presente jarraitzen du gure artean, eta gero eta gehiago eragiten die emakume gazteagoei eta gizonei. Martxa solidario honen diru bilketa BioGipuzkoa Ikerketa Sanitarioko Institutuko Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeari emango diogu”.
4,5 kilometroko ibilbidea izango du martxak dugu, eta “berrikuntza bat ere izango da”, elkarteak azaldu duenez: “Irteera Saguesen izango da. Handik, Zurriolako pasealekua zeharkatuko dugu Kursaaleko zubira iritsi arte. Puntu horretan, eskuinera egingo dugu, eta Salamanca pasealekutik eta Pasealeku Berritik jarraituko dugu Oteizaren eskulturara iritsi arte. Handik bueltan, Zurriolako hondartzaren ertzetik igaroz, berriro Saguesera itzuliko gara. Bertan izango baita helmuga. Ibilbide hau txikientzako nahiz adineko pertzonentzako egiteko pentsatuta dago”.
Martxan izena emateko epea zabalik dago: elkartearen webgunearen bidez, hilaren 8ra arte; presentzialki, hilaren 14ra arte, Garberako Eroskin, Urbileko Eroskin eta Groseko eta Gipuzkoa plazako Apalategi dendetan eta, hilaren 15ean bertan, Saguesen jarriko dituzten postuetan.

