Aniztasuna eta ahots isilak, aurtengo Literaktumen
Lucia Solla Sobral idazlea egongo da jaialdian, besteak beste.Literaktum Aurtengo Literaktum jaialdia azaroaren 9tik 22ra bitartean egingo dute, Donostian. Hitzen hiria lelopean, literaturak hiriaren erdigunea hartuko du.
Aurtengo edizioaren gai nagusia Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak da. Jaialdiaren foku nagusia kontatu gabe geratzen diren istorioetan, errealitate ikusezinetan, gutxiengoen istorioetan eta identitateen gatazketan jarriko da. Hala, gai horiek lantzen dituzten hainbat idazle eta sortzaile bilduko ditu jaialdiak; horien artean, Joseba Sarrionandia, Elvira Minguez, Nerea Pallares, Garazi Kamio, Ken Bugul eta Sergio del Molino. Horiez gain, beste gai batzuk jorratzen dituzten egile ezagun askok ere hartuko dute parte, hala nola Juan Gabriel Vasquezek, Jabier Muguruzak, Irati Jimenezek, Maximo Huertak, Yasmina Rezak, Lucia Solla Sobralek eta Manuel Vilasek.
Egitaraua hiri osora zabalduko da eta askotariko jarduerak eskainiko ditu: bost erakusketa, antzezlanak, afari tematiko bat, errezitaldiak, ipuin kontaketak eta atzerriko itzultzaileekin solasaldiak. Jarduera gehienetarako sarrera librea izango da, baina zenbait ekitalditarako gonbidapena beharko da.
Sariak eta haurrak
Sari garrantzitsuak ere banatuko dituzte, jaialdian zehar. Kutxa Fundazioa Literatura Sariak ezagutzeko aukera izango da. Era berean, azaroaren 19an Ibilbide Saria emango diote Arantxa Iturbe idazle eta kazetariari, Tabakaleran.
Haurrek ere euren espazio berezia izango dute Literaktum Txikia izeneko programazioarekin. Atal honetan, Pinotxoren abenturak oinarri hartuta, ilustrazio lehiaketa, zinema eta lantegiak egingo dira. Horrez gain, ipuin kontaketa musikatua, ilustratua eta haur antzerkia eskainiko dituzte hiriko zenbati kultur etxe eta liburutegitan.

