Aurretiazko borondateen agiriari buruzko lantegia, Egia Kultur Etxean
Aurretiazko borondateen agiriari buruzko lantegiak Osakidetzako profesionalek ematen dituzte.Osakidetza Osakidetzak aurretiazko borondateei buruzko bi lantegi antolatu ditu Egia Kultur Etxean, Heriotzari bizia emanez: heriotzak inporta duelako jaialdiaren barruan. Bi orduko bi saiok osatzen du lantegi bakoitza, euskarazkoa, ostiralean, hilak 6 eta hilaren 27an egingo dute, 11:00etatik 13:00etara. Gaztelaniazkoa, berriz, gaur, hilak 3, eta hilak 24, ordutegi berean.
Partaide kopurua mugatua da eta aurrez izena eman behar da osasuna@donostia.eus idatzita edo 943-483878 telefono zenbakira deituta.
Lantegiak Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalek eta erizain komunitarioak zuzentzen dituzte, aurretiazko borondateen agiria (ABA) ezagutarazteko helburuarekin. Ez da tramite administratibo hutsa, norberaren bizipenei, zainketari eta bizitzaren amaieran erabakiak hartzeari buruzko gogoeta prozesu gidatu bat baizik.
Lehenengo saioa informatiboagoa da. Bertan, kontzeptu garrantzitsuak argitzen dira, hala nola “duintasunez hiltzea” edo “zainketa aringarrien” eta “eutanasiaren” arteko aldea. Era berean, ABAren eginkizuna zein den eta nola formalizatu behar den azaltzen dute, parte hartzaileei prozesu osoari buruzko dokumentazioa ematen diete eta hausnartzera gonbidatzen dituzte.
Bigarren saioan, aldiz, zalantzak argitzeaz gain, hiru lekukoen bidez agiria formalizatzea erabaki duten pertsonek beharrezko dokumentazioa aurkezteko aukera dute, osasun zentroak berrikusi eta ondoren erregistrora bidaltzeko.
Nolanahi ere, lantegietara joan ondoren ez dago ABA egiteko inolako betebeharrik. Pertsonak informatzeko eta osasun profesionalekin batera gogoeta gidatua egiteko joan daitezke, baina horrek ez du konpromisorik sortzen.

