«Ez gara borroka maskulino baten apaingarri hutsak»
Lorea Azpeitiak bere lehen liburua aurkeztu du, ETAko emakumeen inguruan kontatutakoak ikuspegi feminista batetik aztertzeko.
Lorea Azpeitiak 'Su txiki bat: ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at' saiakera aurkeztu du.Maddi Viana
Gaur aurkeztu du Lorea Azpeitia donostiarrak bere lehen liburua den Su txiki bat: ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at saiakera. Bertan, euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala dela salatzen du idazleak. Horregatik, ETAko emakumeen inguruan kontatutakoak zalantzan jarri, eta ikuspuntu feminista batetik aztertzen ditu: “Oroimen ekintza zintzo bat zor diogu gure herriari. Ahalik eta zintzoena, behintzat. Eta horrek ezin du patriarkala izan”, azaltzen du liburuaren azken orrietan.
Azken urteotan aipatzen den bakeaz hitz egiteko, gatazkan egondako eragile guztiek “derrigor” euren buruak ordezkatuta daudela sentitu behar dutela argudiatu du idazle donostiarrak saiakeran, eta, bertan ere, honakoa ziurtatu du: “Ez gara mutilen atzetik askotariko militantzia moldeetan txolinen pare estropezu egindako izaki inkontziente eta manipulagarriak, ez gara borroka maskulino baten apaingarri hutsak”.
Sari Berezia jaso zuen 2024an Azpeitiak, gatazka armatuaren oroimen literarioari buruz egindako tesiagatik. Hura erabili du donostiarrak abiapuntu liburua idazteko, eta aurkezpenean azaldu du, tesia ere irakurri nahi duenak, aukera baduela, doanik dago eta, hemen. Bestetik, liburua edozein liburu dendatan eskuratu daiteke eta gaurtik aurrera dago salgai, 14 euro inguruan.
Ez da bakarrik egon
Idazketa bakartia dela aipatu du Azpeitiak, baina, liburu hau idaztea “ez da inolaz ere bakartia izan”, aitortu du aurkezpenean. Hartutako erreferentziak lagun izan dituela ziurtatu du, eta aurkezpenean ere ez da bakarrik egon, bertaratu direnez gain, mahaian bere bi alboetan zituen Jule Goikoetxea eta Kattalin Miner.
Lisipe hitzak, greziar mitologian amazona baten izena izateaz gain, euskaraz egindako lehen liburu bilduma feminista izendatzen du. Bertako editorea da Jule Goikoetxea (berak editatu du Azpeitiaren liburua), baita filosofo politiko, feminista eta irakaslea ere. Aurkezpena berak moderatu du eta, amaitu aurretik, laburpentxo bat egiteko eskatu dio idazleari. Honela erantzun du Azpeitiak: “Liburu honetan ETAko emakumeen genero irudikapenak ardatz edo abiapuntu hartuta, hausnartzen dugu euskal gatazka armatuaren oroimenaren eraikuntzaren inguruan eta eraikuntza horretan parte hartu zuten eragileen inguruan”.
Lisipe liburu bildumaren hemeretzigarren alea da Azpeitiak idatzitakoa, eta haien webgunean honakoa azaltzen du Goikoetxeak: “Esaera zahar afrikar batek dio lehoiek hitz egiten ikasten ez duten arte, historia ehiztariek idazten jarraituko dutela. Hau da lisipe bildumaren helburua: lehoiek hitza hartzea”.
Hitzaurrea Minerrek egin du, eta hernaniar kazetari feministak azaldu du, hitzaurrean eta liburuaren aurkezpenean, espero ez zuen elementua duela liburuak: umorea. “Onar dezagun, nahiz eta nire intereseko hiru elementu izan, zuk ere ez duzu pentsatzen “gatazka politiko armatua”, “feminismoa”, gehi “literatura” ardatz dituen zerbaitekin dibertitu, hitz larriz ondo pasa, barre, egin dezakezunik. Baina bai, halaxe da”, idatzi du hitzaurrean Minerrek.
Liburuak umorea edukitzea erabaki oso kontzientea izan da Azpeitiarentzat, “barre egiten dugu, dagoeneko badaudelako gauza batzuk, errepikatzearen errepikatzeaz absurdoak direnak”. Horien aurrean hainbat aukera ikusi zituen idazle donostiarrak: garrasi egitea, lehoi bat bezala portatzea edo barre egitea, eta “erridikuluan geratzen ari zarena, zu zara”, esatea.

