‘Kea, argiak eta kontraesanak’ ekarri ditu Marte Lasarte taldeak
'Kea, argiak eta kontraesanak' diskoa kaleratu du Marte Lasarte talde donostiarrak.Marte Lasarte Gaur ikusi du argia Marte Lasarte talde donostiarraren estudioko bigarren lanak: Kea, argiak eta kontraesanak. Diskoa garai nahasi eta lainotsuei buruzko gogoeta bat da, itxaropena, nostalgia, biolentzia eta kontraesanak uztartu dituen espazio bat, bai hitzetan baita musikan ere.
Diskoan aurrera egin ahala, fokua aldatuz doa: begirada kolektibotik norbanakoarengana egiten du bidaia, joera autosuntsitzaileak arakatzeko, eta ondoren, gizartera egiten du jauzi berriz ere.
Soinua eta kolaborazioak
Estilo aldetik, rockaren gordintasuna, (dark) poparen melodiak eta musika elektronikoaren ukituak batzen dituen bilduma da, punk izaeraz eta pasarte sinfonikoz jantzia.
Ahots berriek ere lekua aurkitu dute diskoan: Belako taldeak Profeten lurraldea abestian parte hartu du, Sila Luak Errepide kantan, eta Neomak taldeko Eider Villalbak koruak egin ditu Kristalezko Eguna piezan.
Edizioaren amaieran, abesti instrumental baten ondotik, formatu fisikoak bakarrik ekarriko duen bonus track berezi bat ezkutatzen da. Streaming bidez entzun ezingo den kanta hori Rafa Berrio idazle eta musikari donostiarrari egindako omenaldi bat da, Malakiasen babesarekin osatutakoa.
Talde teknikoa eta diseinua
Ohi bezala, Borja Antonek eta Pello Armendarizek landu dute musika elkarrekin, eta Armendarizek idatzi ditu letrak; oraingo honetan, Anton soinu ekoizpenaz eta grabaketa batzuez arduratu da. Gainerako zatiak Haritz Harreguyren estudioan grabatu eta nahastu dituzte, eta masterizazioa Jon Badiren eskuetan utzi dute.
Aurkezpen bisualari dagokionez, Jabi Rodriguez diseinatzaileak ondu du edizio fisikoa. Azaleko irudiak Gaur kolektiboan oinarrituta daude, eta argazkiak, berriz, Iker Gozategik atera ditu.

