Lizarra kaleko McDonald's-aren inguruko urrats gehiago eskatu dizkiote bizilagunek udalari
Lizarra kaleko McDonald's jatetxearen lanak.Lizarra kaleko komunitatea Donostiako Udalaren osoko bilkurak, joan den astean, aho batez onartu zuen Eusko Jaurlaritzari janari lasterreko establezimenduen eta ikastetxeen arteko gutxieneko distantziak arautzea eskatzeko mozioa, Elkarrekin Donostiaren udal taldeak aurkeztutakoa, Amarako Lizarra kalean irekitzekoak diren McDonald’s jatetxearen harira. Aldiz, udalbatzak ez zuen onartu horrekin batera aurkeztutako beste mozio bat, EAJren, PSE-EEren eta PPren aurkako botoekin, eskatzen zuena udal gobernua aztertzen hasi zedila Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa bat, mugak aplikatzearen bideragarritasuna kontuan izanik, baita Lizarra kaleko McDonald’s-aren lizentzia bertan behera uzteko aukera aztertzeko ere.
Horrela, Amarako kale horretako bizilagunen komunitatea pozik agertu da lehenengo mozioa onartu izanarekin: “Positibotzat jotzen dugu, ikastetxeetatik gertu janari lasterreko establezimendu horiek kaltegarriak direla berresten baitu”. Hala ere, nabarmendu dute ez direla “konformatzen”: “Ez da inolako ekimenik hartu McDonald’s honetarako. Eskatutako araudi horiek indarrean dauden bitartean (urteak pasatuko dira…), adingabeek arriskuan jarraituko dute”.
Azaldu dute urrian zehar Elkarrekin Donostiaren, EH Bilduren eta PPren udal taldeekin bildu dela komunitatea, eta ildo horretatik lan egiten jarraituko dutela: “Alkateari hainbat ideia eta proposamen helarazi dizkiogu, McDonald’s honek lan egin ez dezan. Bere erantzunaren zain egongo gara”.

