Donostiako Udalak argitu du polizia lankidetza eta prestakuntza arautua bi eremu desberdin direla
Donostiako bi udaltzain.Donostiako Udala Azken egunotan hainbat udaltzaingok egindako jardueren harira sortutako eztabaidaren aurrean, Donostiako Udalak argitu du polizia kidegoen arteko unean uneko lankidetza eta agenteen prestakuntza arautua bi esparru ezberdin direla, eta “ez direla nahastu behar”.
Udalak azpimarratu duenez, udaltzainen ohiko formakuntza euskal segurtasun sistemaren eskumena da, eta, legez, Arkauteko Akademiari dagokio zeregin hori betetzea. Ondorioz, prestakuntza hori beste eremu batzuetan edota beste polizia kidego batzuekin egiteak indarrean dagoen araudia urratzen duela ohartarazi du.
Dena den, udalak normaltzat jo du kidego ezberdinetako agenteek elkarrekin parte hartzea delinkuentzia antolatuari, narkotrafikoari edo pertsonen salerosketari aurre egiteko topaketa teknikoetan edo ikastaroetan. Elkarlan horren helburua informazio trukea eta koordinazioa hobetzea da, herritarren mesedetan segurtasun erronkei eraginkortasunez erantzuteko.
Azkenik, Donostiak “euskal poliziaren” ereduarekiko konpromisoa berretsi du. Zentzu horretan, Euskadiko eskumen esparrua errespetatzea defendatu du, baina baita erakundeen arteko lankidetza mantentzea ere, herritarren segurtasuna bermatzeko.

