Ekaitz Gonzalez Urretxuk jaso du euskarazko antzerki sorkuntzaren I. SGAE Fundazioa – Dantzerti Saria
Ekaitz Gonzalez Urretxu eszena zuzendaria, artxiboko argazki bateanInaxio Esnaola Ekaitz Gonzalez Urretxu donostiarrak eskuratu du Euskarazko Antzerki Sorkuntzaren I. SGAE Fundazioa – Dantzerti Saria Puntua lanagatik. Obra sentimenduen bidegurutzea da, emakume bat du protagonista eta bertsoaren unibertsoa atze oihal. SGAEk eta Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolak (Dantzerti) antolatutako lehiaketak 5.000 euroko diru saria eta berezko argitalpen katalogoaren parte izango diren ehun ale argitaratzea dakar, Dantzertiko ikasleek material pedagogiko gisa balia ditzaten.
Agurtzane Intxaurraga eta Unai Izquierdo dramaturgoek eta antzerkirako musikan berezitutako Fran Lasuen konpositoreak osatutako epaimahaiak aho batez aukeratu du, nabarmenduz, “erabilitako lengoaiaren aberastasuna eta gustu ona, berezitasun sortzailea, kalitate literarioa eta tentsio dramatikoa”, baita protagonistak betetzen duen paperaren indarra ere.
Sariak helburu du euskarazko jatorrizko idazkera dramatikoa bultzatzea eta euskal arte eszenikoen eremuan dramaturgia garaikidearen ekosistema indartzea. Guztira “interes eta kalitate nabarmeneko” hamazazpi testu aurkeztu dira, “dagoen sormen-bizitasunaren eta euskal dramaturgiak duen potentzialaren erakusgarri pozgarria”, osatzen dutela ondorioztatu du epaimahaiak.
Sortzen jarraitzeko “pizgarria”
Irabazleak honakoa adierazi du: “Antzerkia sorkuntzatik, interpretaziotik, zuzendaritzatik, kudeaketatik eta irakaskuntzatik bizitzeko zortea izan dut. Sari hau nire dramaturgo bokazioarekin jarraitzeko energia-injekzio bat da, eta esanahi berezia hartzen du iraganean Dantzertirekin izan dudan loturagatik. Era berean, euskaraz sortzen jarraitzeko pizgarri bat ere bada, gaur egungo sorkuntza eszenikorako hizkuntza gisa duen bizitasuna aldarrikatuz, gure istorioak kontatzeko eta lengoaia berriak esploratzeko gai dena. Antzerkia ikasten eta irakasten horrenbeste urte eman ondoren, bereziki hunkigarria zait pentsatzea nire lan batek, gure hizkuntzan idatzitakoak, beste artista batzuei beren bidean lagundu ahal izatea”.
Gonzalez eskarmentu handiko arte eszenikoetako profesionala da. Gaur egun, Donostiako Kursaal gunean eszenario eta kultura eragiketetako burua da. Dramaturgoa, eszena zuzendaria, aktorea eta kultur kudeatzailea izanik, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz garatzen du bere jarduera artistikoa; memoria, nortasuna, ahozko tradizioa eta eraldaketa sozialak ardatz hartuta. Errealismoa eta elementu sinbolikoak uztartzen ditu, ahozkotasunari eta eraikuntza koralari arreta berezia eskainiz. Dramaturgia eta Eszena Zuzendaritzako goi mailako titulua lortu zuen Bartzelonako Aldundiko Institut del Teatre-n, eta Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Ondoren, Antzerki Ikasketa Aurreratuen Masterra egin zuen UNIRen.

