Erein argitaletxeak mende erdiko ibilbidea ospatu du, liburugintzaren kate osoa omenduz
Erein argitaletxearen 50. urteurreneko ekitaldia.Erein Atzo arratsaldean, euskal kulturaren eta liburugintzaren sektoreko 170 lagun inguru bildu ziren Tabakaleran, Erein argitaletxearen 50. urteurrena ospatzeko. Berrogeita hamar urte etengabe ereiten. Elkarrekin eta elkarlanean lelopean, ekitaldiak liburu baten sorkuntza eta hedapen prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiak omendu zituen, lehen ideiatik hasi eta irakurleen eskuetara iritsi arteko bidea aldarrikatuz. Idazleak, ilustratzaileak, editoreak, inprentako langileak, liburu saltzaileak eta irakurleak izan ziren, besteak beste, omenaldi horren erdigunea.
Ekitaldia, Tabakaleran
Ainhoa Vitoria kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta liburu baten kapituluen gisan egituratu zuen, sorkuntza prozesuaren fase ezberdinak islatzeko. Lehenengo atalean, Jexuxmari Mujika Administrazio Kontseiluko lehendakariak eta Julen Lizundia sortzaile eta kudeatzaile ohiak argitaletxearen hastapenak eta lehen urteetako ibilbidea ekarri zituzten gogora.
Ondoren, Uxue Razquin editoreak eta Itxaso Martin idazleak hartu zuten hitza, sormenaren abiapuntuaz eta testu baten garapenean bi begiradek duten garrantziaz eta elkarlanaz solasteko. Tarte horren ostean, Esti Markez musikariak girotutako interludio bat izan zen, eta jarraian, bideo baten bidez liburu baten ekoizpen katea erakutsi zuten.
Etorkizunari begira ere jarri zen argitaletxea urteurreneko ospakizun horretan; izan ere, 2027ko udaberrian 30 egileren ipuin bilduma bat argitaratuko dutela iragarri zuten, argitaletxearen historian parte hartu duten sortzaileen lana islatzeko asmoz.
Erakundeetako ordezkarien hitzak
Ospakizunean, erakunde publikoetako ordezkariek ere parte hartu zuten, Ereinek euskal kulturari egindako ekarpen historikoa aitortzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi zuen argitaletxea belaunaldiz belaunaldi egon dela euskaldunen etxeetan, sorkuntzari bide emanez eta irakurleei mundu berriak zabalduz.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak euskal kulturaren transmisorerik indartsuenetako bat bilakatu izana nabarmendu zuen, gizartearen beharrei zorroztasunez, kalitatez eta profesionaltasunez erantzunez. Jon Insausti Donostiako alkateak, bere aldetik, 1976ko testuinguru zaila gogoratu zuen: “Testuinguru horretan, Erein ez zen soilik argitaletxe bat izan. Euskarak eta euskal kulturak babes berezia behar izan zutenean, Ereinek konpromisoa, ausardia eta ikuspegia erakutsi zituen”.

