Euskaraz magia egiten ikasteko bederatzi trikimailu, liburu bihurtuta
'Aztikeriak: esku bihurrientzako 9 karta trikimailu' liburua kaleratu dute Xabier Lizaso eta Josu Zubia magoek.X. Lizaso eta J. Zubia Xabi Lizaso eta Josu Zubia magoek Aztikeriak: esku bihurrientzako 9 karta trikimailu liburua kaleratu dute, kartomagian sakondu nahi dutenentzat. Lan honekin, egileek euskaraz magia ikasteko zegoen hutsune nabarmenari erantzun nahi izan diote, batez ere, nerabe eta helduentzako materialik ez zegoela ikusita. Magia liburuen bilduma bat izateko asmoarekin sortu den proiektu baten lehen alea da honakoa.
Argitalpenak bederatzi karta trikimailu biltzen ditu, hiru ataletan banatuta: karta joko automatikoak, bi karta sortarekin egiteko trikimailuak eta joko klasiko batzuk. Ikasketa prozesua arina eta dibertigarria izan dadin, autoreek azalpen teoriko eta tekniko mardulak saihestu dituzte, eta informazio hori guztia trikimailuetan bertan txertatu dute, tranpa bakoitza bere testuinguruan ikusi ahal izateko. Horrez gain, liburua Lizasok berak egindako ilustrazioekin eta teknika zein jokoak erakusten dituzten bideoekin osatu dute.
Egileak, magoak
Proiektuaren atzean dauden bi egileek harreman estua dute magiaren munduarekin. Lizaso kartomagian aditua da, Gipuzkoako magia elkarteko lehendakaria eta Londreseko Magic Circle elkarteko kidea, eta euskarazko magia tresnak sortzen ibili da azken urteotan. Zubia, berriz, Potx Magoa moduan da ezaguna, eta magia zein umorea uztartzeaz gain, magiaren eta euskararen arteko loturaren inguruko ikerketa bat ere egin zuen 2024an.
Liburua abenduaren 4tik aurrera egongo da eskuragarri Durangoko Azokan, zehazki Potx eta Lotxen standean, baita Elkar dendetan ere. Horrez gain, interesa dutenek autoreei zuzenean erosteko aukera ere izango dute, haien Instagram kontuetara (@trikuxabi eta @josu.zubia) mezu bat bidalita edo posta elektronikoz harremanetan jarrita.

