Realaren eta Olympique Lyonen artekoa «arrisku handiko» neurketa gisa izendatu dute
Donostiako Udalak segurtasun dispositibo berezia iragarri du biharko Europa ligako partidarako. Amara Berriko trafikoa moztu egingo dute, Anoeta estadioaren inguruan.
Donostiako Udalak prestaturiko segurtasun dispositiboaren infografia.Donostiako Udala Bihar, hilak 5, Realak eta Olympique Lyonek Europa ligako neurketa jokatuko dute Anoetan, 18:45ean. “Arrisku handiko” neurketa gisa izendatu dutenez, udalak segurtasun dispositibo berezi bat prestatu du hiri osoari eragingo diona. Hain zuzen ere, partida hasi baino ordu batzuk lehenago estadioaren inguruko trafikoaren fluxuetan eragina izango duen dispositiboa.
Hori dela eta, hainbat neurri hartu dituzte partida ikustera joango diren bi zalegoen arteko zein gainerako hiritarren arteko bizikidetza guneak bermatzeko. Hortaz, perimetro bat zehaztuko da Amara Berrin (Anoetatik gertu) bertan ibilgailuen zirkulazioa mugatuko dena, 16:45etik aurrera.
Era berean, inguruneko segurtasuna indartuko duten beste neurri batzuk ere beharko dira, Amara Berriko eta Anoeta estadioaren inguruko bizimoduan eragina izango dutenak. Izan ere, Anoeta inguruko zenbait ostalaritza establezimenduri abisua eman zaie 15:00etatik aurrera kanpoko altzariak ken ditzaten, eta FCCk hainbat zaborrontzi kenduko ditu inguru horretatik.
Udaleko eta segurtasun operatiboko arduradunek estadiora garaiz eta behar besteko aurrerapenarekin joateko deia egiten dute, eta Amara Berriko eta inguruetako bizilagunei dei egiten diete, hartutako neurriek eguneroko errutinetan izan dezaketen eragina kontuan har ditzaten, ibilbideak aldez aurretik planifikatuz eta bide alternatiboak erabiliz.
Trafiko aldaketak
Anoetako Kirol Hirira akreditazioa duten ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira, 14:00etatik 22:00etara. Bestalde, beste lau neurri hartu dituzte 16:45etik 19:00ak arte: Errondo pasealekua (Zorroaga pasealekua eta Toribio Alzagaren arteko biribilgunetik Portutxoko biribilguneraino) erabat itxita geratuko da; Begiristain Doktorearen pasealekua erabat itxita geratuko da Ospitaleen ingururaino (igotzeko eta jaisteko norabidea). Ospitalera joan behar duten hiritarrei aholkatzen zaie GI-40 errepidea erabiltzea; Madrilgo hiribidearen eta Isabel II.aren inguruko trafikoa mugatuko da; eta garraio publikoan eragina izango du.
Oinezkoen mugikortasunari dagokionez, Toribio Alzaga, Zorroaga pasealekua, Aita Donostia eta Anoeta pasealekuaren arteko perimetroa oinezkoentzako itxita egongo da, 16:45etik 19:00ak arte. Ordu tarte horretan ere, Rafael Ruiz Balerdi haur parkea ezin izango da erabili, eta Anoetarako sarrera Errondo pasealekutik bakarrik egingo da (Atano III.a).
Beste zerbitzuak
Donostiako udal kirol instalazioen kasuan, ohiko ordutegia eta programazioa mantenduko dute, baina kirol guneetara oinez eta Errondo pasealekuko sarbidetik (Atano III) baino ezin izango da sartu. Aldiz, Ernest Lluch kultur etxea 16:00etan itxiko dute, eta ez da arratsaldez irekiko. Haurtxokoa eta Gaztelekua itxita egongo dira.

