Autonomia eta Errondo lotzen dituen pasabidea behin-behinean itxiko dute, zurezko oholtza ordezkatzeko
Autonomia kalearen eta Errondo pasealekuaren arteko oinezkoentzako pasabidea.Donostiako Udala Autonomia kalearen eta Errondo pasealekuaren arteko oinezkoentzako pasabidea, Topoaren trenbidearen gainean dagoena, itxita geratuko da aldi baterako bertako zoladura erabat berritzeko lanak direla eta.
Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, lanak ostegun honetan hasi dira eta bi aste inguru iraungo dute. Esku hartzearen xedea egungo zurezko oholtzaren ordez zoladura berri bat jartzea da, hala, oinezkoek irrist edo estropezu egiteko daukaten arriskua murrizteko. Oholtza osorik aldatzeko proiektuak 23.000 euroko aurrekontua du, guztira.
Obra hauek ezinbestekoak dira azpiegituraren segurtasun baldintzak hobetzeko, laster Topoaren pasabide berria martxan jarriko baita. Garciak zehaztu duenez, trenbide azpiegitura berria irekitzean asko handituko da lotura hori erabiliko duten oinezkoen kopurua, eta udalak horri aurrea hartu nahi izan dio. Lan horiek Topoaren pasabide berria ireki baino lehen amaituta egongo dira, inguru horretako mugikortasun behar berriei erantzuna bermatzeko.
Gainera, baldintza meteorologikoak aldekoak badira, sarbideko eskailerak eta pasabideko barandak margotzeko aprobetxatuko dute. Pasabideko gainerako egituretan, ordea, ez dute inolako lanik egingo.

