Diogenes dromedarioak deseraikiko ditu dudak, dramak, denborak
Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak ondu dute 'Dudak dakarrena' liburua.Donostia Kultura Dudak dakarrena nobela ilustratuak erakusketa propioa izango du Okendo Kultur Etxeko erakusketa areto berrian. Literaktum jaialdiaren testuinguruan antolatu dute erakusketa, Itziar Aranburu eta Jon Ander Garciak —liburuaren sortzaileak— osatzen duten bigara bikotearen sorkuntza prozesua erakusteko.
Proiektu literarioaren ezaugarri bereziena da narrazioko hitz guztiak “D” hizkiarekin hasten direla, eta Diogenes dromedarioaren bidez giza dramak, dudak eta denbora aztertzen dituela. Aretoan, liburuaren ezkutuko lana jarriko dute agerian: lehen ideiak, zirriborroak, tintazko marrazkiak, collageak eta ilustrazio digitalak.
Erakusketa hilaren 13tik 2027ko urtarrilaren 9ra egongo da zabalik, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-20:30, eta larunbatetan nahiz zubietan 10:00-14:00 eta 16:30-20:00. Igande eta jaiegunetan aretoa itxita egongo da.
Erakusketa ikusteaz gain, hitzordu berezi batzuk antolatu dituzte: hilaren 18an, 19:00etan, egileek testuaren sorkuntzari buruzko elkarrizketa izango dute areto nagusian, Literaktumen barruan. Abenduaren 10ean, berriz, irudien sorkuntzari buruzko hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan. Biek ala biek sarrera librea izango dute, edukiera bete arte.

