Ertzaintzak sei zale erradikal zigortzea proposatu du, Anoeta inguruan armak eta material arriskutsua atzeman ostean
Ertzaintzak sei zale erradikal zigortzea proposatu du, Anoeta inguruan armak eta material arriskutsua atzeman ostean.Ertzaintza Gaur arratsaldean Realak eta Lyongo Olympiquek Europa Ligako partida jokatuko dutela eta, Ertzaintzak zaintza dispositiboa jarri zuen abian atzo arratsaldean Anoeta inguruan, zaleen arteko balizko liskarrak ekiditeko. Segurtasun neurri horien testuinguruan, hogei pertsona inguru identifikatu zituzten estadioaren inguruetan, eta sei zale erradikalen aurkako zigor administratiboak proposatu dituzte, arma eta material arriskutsuak atzeman ostean.
Polizia operatiboak 100 bat pertsonako talde bat begiztatu zuen zelatan, estadiotik gertu, Realeko zaleek bildu ohi diren gune batean. Ertzaintzak baieztatu duenez, Realeko zale erradikalak ez ezik, Zeltako eta Alaveseko jarraitzaileak ere bazeuden tartean.
Lyongo zale erradikalekin istiluak sor zitzaketelakoan, Ertzaintzak zaintza estua ezarri zion taldeari. Kontrol horren bitartez egin ziren hogei pertsonen identifikazioak, eta miaketetan debekatutako hainbat objektu konfiskatu zituzten; tartean, makila luzagarriak, defentsarako sprayak, arma zuriak, bengalak eta substantzia estupefazienteak.
Material hori soinean eramateagatik, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa haustea egotzita, 20 eta 31 urte bitarteko sei lagun zigortzea proposatu du Ertzaintzak. Denek dituzte aurrekariak.

