«Historiako aurrekontu sozialena» onartu du Donostiako Udalbatzak
2026ko aurrekontuak onartzeko osoko bilkuraren irudi bat.Donostiako Udala Donostiako Udalbatzak datorren urteko udal aurrekontua onartu du. 515.601.408 euro izango ditu, iaz baino %3,94 gehiago (19,5 milioi) eta izapidetzean 13,5 milioi gehitu dizkio.
Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, kopuru horrek “aukera ematen dio hiriari aurrera egiten jarraitzeko, donostiarrek behar dituzten erantzunei abiadura emanez eta akordio handietan oinarritutako aurrekontua da”. Zentzu horretan, Udal Gobernu “sendo” baten jarrera negoziatzailea nabarmendu du, bazkideenak baino boto gehiago behar ez bazituen ere, “azken minutura arte talde guztiekin harremanak areagotu dituelako alderdi guztien zuzenketak onartzen amaitzeko”. Horri lotuta, PSE-EEko bozeramaile Ane Oiarbidek oposizioko taldeek osoko zuzenketak aurkeztu izan deitoratu du. “Ezin da erabat baztertu gizarte zerbitzuak indartzen dituen, etxebizitza eskuratzea bultzatzen duen, auzoen mantentzea hobetzen duen eta enplegu aukerak sortzen dituen aurrekontu proiektu bat, Donostiarako zer alternatiba planteatzen den azaldu gabe”.
Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa zinegotzi Kerman Orbegozok, aldiz, datozen ureetako erronkei erantzuteko “baliabideak prestatzen” dituztela adierazi du, “norabide argi batekin: donostiarrek beren bizi proiektua Donostian garatzeko aukera gehiago izatea”. Egungo “ziurgabetasun handiko testuinguruan”, erakunde publikoek “egonkortasuna eta aurreikuspena” eskaini behar dituztela defendatu du.
Hirigintza
Atalka, Hiri Mantenuan %8ko igo dute, 109,7 milioiraino, garbitasuna, hondakinen bilketa, galtzada eta parkeen mantentzea, kaleetako argiteria edo kontserbazioa hobetzeko. Halaber, Dbusek 38 milioi euroko “ekarpen errekorra” jasoko du, eta, hala, alkatearen hitzetan, “donostiarren egunerokoa hobetuko du kalitatezko zerbitzu publikoen bidez”. Ildo beretik, indartu egin ditu Donostia Kultura, 28,6 milioi euroko ekarpena (+%3,30) eta Donostia Kirola, beste 12,3 milioi euro jasoko dituena (+4,25);
Hirigintza arloak 22.969.442 euro biltzen ditu 2027tik 2030era bitartean, eta Illarra Berri eta Txomin Enea II hirigintza-jarduerak barne hartzen ditu. Halaber, udalak lanean jarraitzen du kuartelen lurretan 1.700 etxebizitza eraikitzeko. Etxegintzaren 2027ko Inbertsio Programan eta 2028-2030 konpromisoetan 5.318.375 euro aurreikusten dira 2027an, Alde Zaharra-Kanpandegiko zuzkidura-bizitokietarako eta Infernua, Illarra, El Diario Vasco, Añorgako Geltokia eta beste eremu batzuetako babestutako etxebizitzetarako. Era berean, Proiektu eta Obretako arloaren barruan 8.841.831 euro sartzen dira 2027tik 2030era bitartean.
Zerbitzuak indartu
Insaustik azpimarratu du, halaber, “historiako aurrekontu sozialena” dela, 45 milioi euroko gastuarekin (+% 8,91), “gehien behar dutenen ongizatea bermatzeko eta inor atzean ez uzteko”. Atal honetan, etxez etxeko laguntza (10,3 milioi) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (3,9 milioi) daude. Kontuek 547.500 euro gehiago jasotzen dituzte Otorduak programarako, egunean 100 otordu gehiago eskaintzeko, ibilbide sozial bihurtuta; eta 500.000 euro ezkutu sozialeko etxebizitzak egokitu eta altzariz hornitzeko. Alkateak adierazi duenez, “kontu horiei esker”, 18.000 familia baino gehiagok, lautik batek, gizarte-zerbitzuen laguntza jasotzen dute, 3.000 pertsonak baino gehiagok etxeko arreta, indarkeria matxistaren biktima diren 549 emakumek udal babesa, eta 400 pertsona zaurgarri baino gehiagok janaria, gizarteratze-ibilbide baten barruan. Gizarte gastuen igoera, neurri batean, hainbat prestazioren garestitzeagatik eta La Sirena harrera-baliabide gisa finkatzearen ondorio dira. Horrez gain, inbertsio batzuk ere egin dira, hala nola, Erdialdeko erretiratuen etxea berritzea (973.797 euro), Bretxako Gizarte Zerbitzuen Zentroa gaitzea (1.450.000 euro 2027 eta 2028 artean) eta Gizarte Larrialdietako eraikina berritzea (317.300 euro).
Oiarbidek ere aurrekontuen “arrasto sozial, aurrerakoi eta feminista” nabarmendu du, “herritarren bizi kalitatea hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea eta gizarte kohesioan aurrera egitea” helburu baitute. Horri lotuta, zenbait arlotako inbertsioak azpimarratu ditu. Esaterako, etxebizitza da ardatz nagusietako bat eta 23 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte arlo horretara, aurrera egiteko hirigintza-jarduketa desberdinetan. “Udal konpromisoari eusteaz gain, proiektu zehatzetan aurrera egitea eta behar horri erantzuteko beharrezkoa den erakundeen lankidetza batzea ahalbidetzen dute”, gehitu du.
Era berean, enplegu eta garapen ekonomikoko politikak ere indartzen ditu, esaterako, Enplegu eta Toki Garapeneko Plan Berria (15,4 milioi euro 2030era arte), edota datorren urtean martxan jarriko diren Bretxako merkatu berria eta Nasara espazioa. Berdintasun arloan, berriz, 5,6 milioi euroko gastu “eraldatzailea” dago, aurrekontuen %1,08, Oiarbideren esanetan, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrean aurrera egiteko eta desberdintasuna sortzen duten egoerak aldatzeko dituen partidak dira”.
Turismo tasa
Zuzeneko zergek %6,54ko igoera izan dute, eta zeharkakoetan, lehenengoz sartu dute turismo egonaldien gaineko zerga. Tasa berri horren diru sarreren estimazioa, “zuhurtziarik handienarekin egina”, 5,4 milioi euro da, 2027an biltzea aurreikusten duten hiru hiruhilekoetan.

