Hitzaldiak, mus txapelketa, ardo dastaketa eta bertso bazkaria: gaur ekingo diote Azaro Kulturalari Ikasbiden
Amara Berriko Ikasbide Kultur Elkartea. Ikasbide Azaro Kulturala antolatu du Amara auzoko Ikasbide Kultur Elkarteak, eta, gaurtik aurrera hainbat jarduera egingo dituzte auzoan eta haien egoitzan. Azaroa ondoren, egitarauari amaiera emateko, Euskararen Egunaren bezperan, abenduak 2, Amara Berri Kantuzen eskutik auzoko kaleak girotuko dituzte, 19:00etatik aurrera.
Hitzaldi guztiak Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan (Isablel II.a etorbidean), 19:00etan, antolatu dituzte. Mikel Legorburuk emango dio hasiera gaur, hilak 5, Azaro Kulturalari, Donostiako mikrohistoriak posta txartelen bidez hitzaldiarekin. Ondoren, datorren asteko ostegunean, hilak 12, Edu Zabalaren txanda izango da, Hiriak birnaturalizatu hitzaldiarekin. Hurrengo ostegunean, hilak 19, Amaia Mariezkurrena Serrano mintzatuko da Indarkeria sexualizatua 36ko gerrari buruzko euskal narratiban hitzaldian. Eta hitzaldiekin amaitzeko, azaroak 26an, osteguna baita ere, Xabi Irujo arituko da Estatu ez batuak: gaur egungo egoera sozial eta politikoa AEBn hitzaldian.
Hitzaldiez gain, beste jarduerak ere antolatu dituzte, aipatutako Amara Berri Kantuzekin batera auzotik ibiliko dira abenduak 2an; aurretik, azaroak 20ean, ostirala, mus txapelketa antolatu dute, bikoteko 10 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek eta aurretik izena eman beharra dago haien sare sozialen bidez edo kultur etxean bertan; hilak 22an, igandea, bertso bazkaria antolatu dute elkartean bertan, eta Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus bertsolariek parte hartuko dute; eta, azkenik, hurrengo ostiralerako, hilak 27, ardo dastaketa prestatu dute, 20 pertsona bertaratu ahal izango dira, eta 10 euroren truke parte hartu dezakete (kultur etxean eman behar da izena, aurretik).


