Intxaur Saltsa egitasmoa sortu dute Intxaurrondon, «gastronomia, musika, enkontrua eta elkartasuna uztartzeko»
Lehenengo saioa asteburu honetan izango da, hilaren 7an. Palestina izango dute ardatz.
Intxaurrondoko Letaman gaztetxea. Beñat Parra Intxaur Saltsa egitasmoa sortu du herritar talde batek Donostiako Intxaurrondo auzoan, helburu argi batekin: “Gastronomia, musika, enkontrua eta elkartasuna uztartuko dituen auzo ekimen bat” izatea, sare sozialetan azaldu dutenez.
Horrela, hilabetero, hileko lehenengo larunbatean elkartuko dira Intxaurrondo Zaharreko Letaman gaztetxean, saio bakoitzean gai edo estilo desberdineko bazkari bat eskainiz: “Egun bakoitza, zapore berriak ezagutzeko, une atseginak partekatzeko eta parte hartzaileen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea izango da. Jateko eta musikaren eskutik, komunitatea sortu eta indartzeko topagunea”.
Lehenengo saioa, hain zuzen ere, asteburu honetan izango da, hilaren 7an. Palestina izango dute ardatz, herrialde horretako janaria eskainiz, 14:30etik 16:00etara; txartelak Zulo Zahar, Bilindo, Erdikoa eta Kioskoa tabernetan daude salgai. Halaber, Binilo Klubak girotuko du eguna, musikarekin.


