Jose Maria Quesadarentzako erreparazioa eskatu dute, Espainiako Gobernua eta Donostiako Udala interpelatuz
GEBehatokiak Espainiako Gobernuari eskatu dio Quesadari "aitorpen instituzionala eta erreparazio morala" egiteko, eta Donostiako Udala ere interpelatu du. Frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako lehenengo etakidea izan zen donostiarra.
Jose Maria Quesada Lasarte.Wikipedia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) Jose Maria Quesada Lasarte (1934-1968) militante antifrankista donostiarraren inguruko eskaera ofiziala egin dio Espainiako Gobernuari, “aitorpen instituzionala eta erreparazio morala egin diezaion”. Frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako lehenengo etakidetzat hartzen da Quesada, izan ere, hainbatetan atxilotu zuten, baita bortizki torturatu ere, bere egoera fisiko zein mentala etengabe okertuz.
“Ekimenak, familiaren akordioarekin, Jose Maria Quesada Lasarteren beharrezko erreparazioa eta haren duintasuna berreskuratzea nahi du, eta Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legean oinarritzen da”, azaldu du GEBehatokiak. Halaber, erakunde horrek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktima bat dela donostiarra, 2024ko irailaren 3tik.
Espainiako Gobernua ez ezik, Donostiako Udala ere interpelatu du GEBehatokiak, zenbait eskaera eginez. Alde batetik, erakunde horrek eskatu du “udalak bere babesa adieraztea Espainiako Gobernuari zuzendutako eskaerari”. Bestetik, “Quesada Lasarteri erreparazioa emateko eta duintasuna berreskuratzeko erakunde ekimen bat garatzea” galdegin diote udalari. Eta, azkenik, “maiatzaren 29an Irungo Udalean gehiengo zabalez onartutakoaren ildotik mozio bat sinatzea” eskatu diote Donostiako Udalari, “Meliton Manzanasi emandako kondekorazio, domina eta ohore ofizial guztiak kentzeko eskatuz”. “Mozio horrek PSE, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen”, gehitu du GEBehatokiak.
“Maiatzaren 29an Irungo Udalean gehiengo zabalez onartutakoaren ildotik mozio bat sinatzea” eskatu diote Donostiako Udalari
Bortizki torturatua
Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kalean jaioa, Antiguan pasatu zuen gaztaroa Quesadak, eta auzo horretan hasi zuen bere ibilbide politikoa. Teresa Lasarte Imaz ondarroarra zen bere ama, eta Eugenio Quesada Urkia asturiarra aita, 36ko gerran eroritakoa, bando errepublikanoaren alde borrokan. Iñaki Egaña historialari donostiarrak luze eta zabal kontatu zuen Quesadaren historia, Naiz hedabidean.
Horrela, Antiguan hasi zen militatzen Quesada, frankismo betean, ETAren sorreraren garaian, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin, Albisu anaiekin (Rafa eta Jose Antonio) eta beste hainbat antifrankistarekin batera. 1958an atxilotu zuten estreinakoz Quesada, eta hainbat egun pasatu zituen Meliton Manzanas torturatzaile ezagunak zuzentzen zuen komisarian eta Martuteneko espetxean. 1962ko erdialdera arte, sei bat aldiz atxilotu zuten.
1962ko abuztuan, CNT sindikatuko anarkista talde bat, ETAren laguntzarekin, Franco hiltzen saiatu zen, Aieteko jauregian uda pasatzen zuen bitartean. Magnizidio saiakerak huts egin zuen, ordea, eta errepresioa latza izan zen, hamarnaka atxiloketarekin, torturekin, eta abarrekin. Tartean, Quesada atxilotu zuten, baita bortizki torturatu ere. Donostiako polizia instalazioetan eduki ostean, Madrilera eraman zuten, Puerta del Soleko ziegetara lehenik eta Carabanchelgo espetxera ondoren. “Familiaren ahozko testigantzak Eduardo Ferrani egotzitako oroigarri bat jasotzen du: ‘Quesada Carabanchelera iritsi zenean, oso egoera larrian heldu zen, burua oso kolpatuta, belaunetan zauriak zituen, eta horrek oinez ibiltzea eragozten zion, eta prakak hanketara itsatsita zituen'”, nabarmendu du GEBehatokiak.
GEBehatokiaren arabera,”dokumentatuta geratu da, alde batetik, Meliton Manzanasek parte hartu zuela bere torturetan, eta, bestetik, jazarpen judiziala sufritu zuela”.
Era berean, GEBehatokiaren arabera,”dokumentatuta geratu da, alde batetik, Meliton Manzanasek parte hartu zuela bere torturetan, eta, bestetik, jazarpen judiziala sufritu zuela”. “Jose Maria Quesada 1.220/62 auzian epaitu zuen 1963ko martxoaren 2an Madrilen egindako Gerra Kontseiluak. 28 urte zituen orduan. Gerra Kontseiluak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion matxinada
militarragatik. Auditorearen irizpena 1963ko martxoaren 4koa da, eta ondorengo onarpenak epaia berretsi zuen”, gehitu du erakundeak.
Espetxetik atera ostean, osasun arazo larriak eduki zituen, urte luzez: hiru ebakuntza egin zizkioten hurrengo urteetan, osasun arazo horien harira. 1967aren erdialdean, memoria galerak eta min jasanezinak izaten hasi zen, eta azaroan Donostia Ospitalean ingresatu zuten. 1968ko urtarrilaren 29an hil zen, torturengatik eratorritako osasun arazoen ondorioz. Egañak aipaturiko artikuluan jaso zuenez, lagunek Poxpolio ezizenez ezagutzen zuten eta klandestinitatean Jaime ezizena erabili zuen. Bere torturatzailea, Meliton Manzanas polizia frankista eta nazien laguntzailea, ETAk hil zuen, 1968ko abuztuan.
Quesadaren torturatzailea, Meliton Manzanas polizia frankista eta nazien laguntzailea, ETAk hil zuen, 1968ko abuztuan
Ez errepikatzeko bermea
GEBehatokiak nabarmendu du ekimen honek “Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legearen esparruan aitortutako aurreko biktimen eskaerekin (Alfredo Espinosa Orive, Josu
Mugica, Josu Zabala Erasun eta Aquiles Cuadra) edo Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko 9/2023 Euskal Legearekin (Alfredo Espinosa Orive eta Txomin Letamendi) irekitako ildotik” jarraitzen duela, eta horiek guztiek “agerian” uzten dutela erregimen frankistak erabilitako tortura eta errepresioaren zigorgabetasuna”.
Horrela,”ez errepikatzeko oinarriak ezartzeko, garrantzitsua da horrelako kasuak sozializatzea eta belaunaldi berrien artean ere ezagunak izatea”, GEBehatokiaren ustez: “Frankismoaren biktimen familiek urte askoan bizi izan dute beren mina, isiltasunetik, beldurrak inposatutako ostrazismotik. Bada garaia duintasuna berreskuratzeko eta, gure ustez, erakundeek lagundu egin behar diete lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesu horiei”.

