Zer plan egingo duzu asteburu honetan Donostian?
Megane Mercury DJ-a eta Andrea Berbois musikaria arituko dira ostiralean Feministaldian.Feministaldia Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 6), Intxaurrondo Kultur Etxera joatea proposatzen dizugu, izan ere, Feministaldiaren barruan, egun osoko egitaraua prestatu dute: bizi baldintzei eta jardun artistikoaren inguruko lan saioa (10:00-14:00), hitzaldiak (19:00 eta 20:00) eta kontzertua eta DJ emanaldia (22:00 eta 23:00), doako sarrerarekin.
Larunbatean (hilak 7), euskal antzerki bat gomendatuko dizugu: Sidari. Xake Produkzioak antzerki konpainiak, bere hamargarren urteurrena ospatzeko asmoz, Sidari antzezlan berria aurkeztu du. Obra honen zuzendaria Getari Etxegarai da, eta Kepa Errasti arduratu da testua idazteaz. Oholtza gainean, hala, Iholdi Beristain, Hodei Arrastoa, Getari Etxegarai bera eta Kepa Errasti arituko dira. Azaroaren 7an antzeztuko dute, Gazteszenan, 19:30ean (10 euro).
Igandean (azaroak 8), haurrentzako proposamen berezia: Pontx pailazoak Amatxi ikuskizuna eskainiko du, Larratxo Kultur Etxean, 18:00etan. Sarrerak 5 euroan daude salgai.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan proposamen bat ere, hementxe: ostegunean (hilak 12), Gipuzkoa azken frankismoan. Politika, gizartea, kultura eta giza eskubideak jardunaldia antolatu dute. Jardunaldiaren helburua da ikuspegi akademiko zabal batetik aztertzea erregimenari emandako erantzuna esparru politikotik, gizarte langiletik eta kulturaletik. San Telmo museoan egingo dute eta izena eman behar da, hona idatzita: katedraddhh@ehu.eus.

