Lokatzetik, eraldaketara: 15 urte Urumeak mugak apurtu zituenetik
Hamabost urte igaro dira Urumea ibaiak gainezka egin, eta milaka herritarren bizitzak lokatzez estali zituenetik. Hondamendi hark, ordea, hiriaren eraldaketa hidrauliko eta hirigintza esku hartze handienetako bati ireki zion bidea.
27 Industrialdera sartzeko biribilgunearen aurrean dagoen auto tunela, urez beteta, 2011n.Estitxu Zabala Askorentzat, atzo izan zela dirudi, baina hamarkada eta erdi pasatu da. Hamabost urte igaro dira Urumea ibaiak muga guztiak apurtu eta milaka herritarren bizitzak lokatzez estali zituenetik. Hondamendi hark, ordea, hiriaren eraldaketa hidrauliko eta hirigintza esku hartze handienetako bati ireki zion bidea.
Atsedenik gabeko euria
2011ko azaroko lehen asteburu hartan, zeruak ez zuen atsedenik eman. Euri jasak etengabeak izan ziren, eta Urumea ibaiaren emariak ordura arteko aurreikuspen eta defentsa guztiak gainditu zituen.
Loiola, Txomiñene eta Martutene auzoetan, bizilagunek harriduraz ikusten zuten nola ura espaloietatik igo, atarietan sartu eta, kasu askotan, etxebizitzen lehen solairuetaraino iristen zen.
Arriskua ez zen bat-batekoa izan; ura pixkanaka eta etengabe igo zen, jendeari okerrenerako prestatzeko minutu gutxi batzuk utziz, baina uraren indarra gelditzeko inolako aukerarik izan gabe.
Auzorik kaltetuenak
Txomiñeneko Antzieta pasealekua eta Martuteneko Pilar auzunea izan ziren kaltetuenak. Hango bizilagunek argi zuten orduan: 1983ko uholde mitikoak ere ez ziren hainbestekoak izan. Garajeak ur azpian geratu ziren, saltoki txikiek salgai guztia galdu zuten, eta etxebizitzak hondatu ziren. Irutxuloko Hitzak egun haietan jasotako testigantzek eta argazkiek garbi erakusten zuten etsipena.
Ebakuntza sakona, ibaiertzari
Auzotarrek hamarkadak zeramatzaten arazo horren aurrean erakundeen utzikeria salatzen. Izan ere, Urumearen ibarrak bazuen arrisku historiko bat, baina ordura arte emandako irtenbideak adabaki hutsak izan zirela agerian geratu zen. Kalteen tamainak —milioika euroko galerak erregistratu baitziren eremu pribatu zein publikoan— argi utzi zuen ezin zela gehiago itxaron.
Urumearen arriskugarritasuna ezin zen gehiago euste horma txikiekin edota garbiketa puntualekin konpondu; ebakuntza kirurgiko eta sakona behar zuen, ibaiaren fisionomia bera eta auzoen antolamendua goitik behera aldatuko zuena. Ibaiarekin borrokatu beharrean, urari bere bidea eta espazioa emateko ideia berri bat nagusitu zen.
Donostia berri bat
Gaur egun, atzera begiratzean, paisaia erabat aldatu da. Txomiñene goitik behera birmoldatu zuten —horretan jarraitzen dute, oraindik ere—; auzo zaharraren zati handi bat bota eta auzo berri bat altxatu zuten, lurraren kota hiru bat metro igota. Ibaiari lekua egiteko ibaiko parke zabal bat sortu zuten, ur goraldiak gertatzen direnean ibaiak gainezka egiteko eremu kontrolatu bat izan dezan, etxebizitzetara iritsi gabe.
Martutenen eta Loiolan, berriz, zubien berritzeak ekarri zuen salbazioa. Urumearen ibilguan zeuden zubi zaharrek —bereziki Martutenekoak— sortzen zuten «botila lepo» efektu arriskutsua desagertu da. Zubi horiek eraitsi eta uraren jarioari trabarik ez egiteko diseinatutako egitura berri, altuago eta zabalagoak eraiki zirenetik, uraren zirkulazioa erabat arindu da. Horrez gain, ibilguaren zabaltze lanek ere asko lagundu dute.
Hamabost urte behar izan dira auzotarren ibaiarekiko segurtasuna bermatzeko. Orain, euri jasak hasten direnean, ur goraldiak jarraitzen badu ere, auzotarrek beste lasaitasun batekin begiratzen diote zeruari leihotik: etorkizun seguruago eta duinago baterako ateak ireki zizkien.



