Muturreko hauskortasuna
'Esta Soledad' filmeko fotograma bat. Zuzendaria: Javier Giner.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Euskal Herria.
Yo, adicto liburu autobiografiko eta izen bereko telesail arrakastatsu zein sarituaren ondoren, Javier Ginerrek bere lehen film luzea estreinatu du, egin berri den 74. Donostia Zinemaldiko New Directors sailean. Sortzaile barakaldarraren Esta Soledad lana muturreko hauskortasunaren irudikapena da.
Barru-barrutik jaio da filma, bakardadeak eragiten dituen zauri mingarrietatik, norberaren ahotsa entzuteari uko ez egitetik, munduan dagokigun tokia aldarrikatu beharretik: bost urteko harremana hautsi dute Leok (Oriol Pla) eta Lorenak (Marina Salas). Maitatu izan dira, eta, seguruenik, oraindik ere maite dute elkar. Leok gaixo dagoen aita zaindu behar du, eta familia zaintzeko ardurak zein deskonexio emozionalak ito egingo dute. Lorena, bere aldetik, gaizki ordaindutako lanak eta krisi pertsonalak kateatu ditu, baina burua altxa nahi du, nola egin jakin gabe. Noraezean dabiltzan bi gorputz dira, beti berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionala pairatuko dutenak.
Galdera deserosoak jaurtiko ditu Esta Soledad filmak, baina aurreiritziak baztertuko ditu. Pelikula zaila da: garai bateko Bilbo ilun eta itsusiaren oroitzapena berpiztuko du; zikina izango da irudia, urduria, eta nekatu egingo gaitu. Hain zuzen ere, nekatuta dagoen belaunaldi bati begiratuko dio, lan kargak, baldintza negargarriek, amets utopikoek eta arima galduek kolpatutakoari. Gizarteak ez du bakerik ematen, hiperproduktibitatean errotuta dago, eta bizi erritmoak giza harremanak suntsitzen ditu; burua beste nonbait dugu.
Filma hitz bakar batekin definitu daiteke: kolapsoa. Urak edalontzietan egin bezala, lur mugimenduen edota zaharkitutako zutabeen ondorioz eraikinetan gertatu bezala. Gizakiongan ere aplikagarria da kontzeptua. Gainditze istorioak bestelako kontaketetarako utzi, hau beste nonbait kokatzen baita, epikak ez du tokirik.

