«Nahiko oinutsik sartu naiz ipuingintzan, nolabait, zarata handirik egin gabe»
Literaktum jaialdiak emango dio ongietorria Irati Jimenezen (Mundaka, Bizkaia, 1977) ipuin bilduma berriari: ‘Gaupasa Kluba’. Gaua ardatz duten istorioez, laguntasunaz, errealitatearen magiaz eta irakurlearekiko ezinbesteko konplizitateaz aritu da idazlea.
Irati Jimenez idazlea.Mikel Soto Literaktum jaialdiaren barruan aurkeztuko duzu ‘Gaupasa Kluba’ liburua, Harkaitz Cano bidelagun.
Oso gauza konplikatua da Harkaitz Canok ondo kontatutako ezer interesgarririk ez entzutea. Baina, bereziki, badago motibo bat hau eskatu izateko; bere Neguko zirkua liburuko Raymond Chandler Bilboko errebaletara iritsi zen ipuinaren titulua apur bat lapurtu diodalako nire bildumako ipuin batean: Luis Cernuda Mexikoko errebaletan jarri diot nik izena.
Literaturari buruzko solasaldi bat izango da, jendeari interesatzen zaizkion gauzak kontatzeko anbizioa duten bi idazle eta lagunen partetik.
Zer nolako garrantzia du zuretzat liburu bat jaialdi honetan aurkezteak?
Kariño handia diot jaialdiari, asko pozten nau liburuaren kaleratzearekin kointziditu izanak. Bilduma honen idazketa prozesua nahikoa luzatu da, bidean sortu dira beste liburu batzuk, ama izan naiz… Ezin izango nukeen aldez aurretik honelako aurkezpen bat antolatu, eta eskertzen diet Literaktumeko antolatzaileei izan duten malgutasuna.
Begiak zabalduko zaizkizue saiakera idatzi nuenean, are denbora gutxiagorekin egin zidaten lekua. Euskal literaturaren historia sobrenatural bat emankizuna Donostian egin nuen lehen aldiz, eta oso gau polita izan zen niretzat. Hark zorte ona ekarri zidan; ea honek ere hala egiten duen.
Ibilbide luzea duzu narratiban eta saiakeran, baina hau duzu zure lehendabiziko ipuin liburua.
Errazagoa egin zait beti eleberriaren formatua. Beharbada, kostatu egiten zait ipuinak inposatzen duen laburtasunaren diziplina. Badaude bilduman pare bat ipuin luzatu nitzakeenak, baina, zorionez, formatuak ez dit utzi; batzuetan, denbora gehiago egon nahi izan dut pertsonaia batzuekin. Sentitzen dut zeure burua egin behar duzula konbentzitu, liluratu edo maitemindu, idazteko borondatea duzunean.
Bestalde, genero guztiek dituzte beren botereak. Uste dut, euskal literaturan, eta errespetu osoarekin diot, ipuingile askoz ere garaiagoak ditugula, nobelistak baino. Nahiko oinutsik sartu naiz ni ipuingintzan, nolabait, zarata handirik egin gabe.
Zer dauka gauak ipuin hauek lotzeko?
Patxi Zubizarretak esan zidan behin, euskal literaturak gaua konkistatu behar duela, oraindik. Eta inoiz ahaztuko ez dudan esaldi bat da. Gauari lotzen diogu terrorea, misterioa, lilura, maitemina, parranda. Gauez kontatu zizkion sultanari Xeherezadek bere istorioak, bere bizitza salbatzeko. Eta izpiritu hori botatzen dut nik faltan euskal literaturan: gaua barneratzea.
Oso desberdinak dira ipuinak euren artean, desberdinak izateko borondatearekin, baina guztietan dago gaua oso presente. Lehendabiziko ipuinak, espazioaren iluntasunera eramaten gaitu; azkenak, berriz, itsas hondora. Eta horien artean daude izarrez beteriko gauak, Luziferrek bere anaiarekin egiten duen gaupasa bat… gaua dago, bere zentzurik zabalenean. Eta, beharbada, zentzurik liluragarrienean ere bai.
Nola uztartzen dira hain pertsonaia, garai eta espazio ezberdinak liburu berean?
Badaude denek komunean duten zerbait: ni neu. Fernando Trueba zinema zuzendariak esaten zuen: «Estiloa da gaixotasuna». Kendu ezin duzun hori. Eta, beraz, ni nago ipuin horietan guztietan, nire estilora daudelako idatzita.
Baina liburua bukatzen ari nintzela, konturatu nintzen laguntasuna oso garrantzitsua dela liburuan. Oso gutxi hitz egiten dugu lagun izateari uzten dioten lagunei buruz eta horrek eragiten duen saminari buruz. Halako momentu batean nengoen ni, idazten ari nintzela.
Literatura ere oso presente dago, eta ohituren ideia. Bitxia da, baina uste dut gizakiok erraz ohitu gaitezkeela gauza onetara zein txarretara. Erraz ohitu gaitezkeela ahalegin bat norabide zuzenean egitera edo okerreko norabidean. Sufrimendura, tamalez, oso erraz. Eta zorionera, horretan ahalegintzen bagara. Liburu honekin jakin dut komeni dela ohiturarik onenak hartzea. Eta bizitza, halako batean, askoz atseginagoa bihurtzen da, hobea, gizatiarragoa, errazagoa.
Istorio hauek guztiek badute errealitatetik, baina fantasiatik ere bai.
Gabriel Garcia Marquezek arrazoi zuen: errealitatea tomateen prezioa baino gehiago da. Liburu batera errealitatea ekarri nahi badugu, ezin dugu egin errealismo bat inolako naturaz gaindikorik gabea, apenas irudimena daukana, begiratzen diona eguneroko anekdotarik txikienari, naturaz gaindiko oihartzun bat eman gabe.
Nik ez dakit hori gabe idazten. Eta ez dut ulertzen, zehazki, zergatik idatziko nukeen edo zergatik nahiko nukeen idatzi, ez banu idatziko plazeragatik. Idazketak mundu eta unibertso guztietako aukera guztiak zabaltzen ditu. Idazketan, dena da posible.
«Gehiago dibertitu behar gara;
bestela, literaturak ez ditu irakurleak galtzen,
baizik eta abandonatzen»
Zergatik aukeratu dituzu istorio horiek?
Iruditu zitzaidan irakurleari eskaintzeko zerbait desberdina, berezia, intimoa eta pertsonala zela; badu zerbait hunkigarria liburuak, hurrengo ipuina irakurtzera bultzatzen zaituena. Zer gertatuko den ez jakitea, baina konfiantza maila batekin irakurtzea.
Idazten dudanean, sentitzen dut lagunentzat idazten dudala; batzuk ezagutzen ditut eta beste batzuk ez, baina bukaeraraino nirekin badatoz, lagunak gara. Eta ez daukate horretarako obligaziorik, bide batez, liburu bat uztea delako eskubide ezinbesteko bat irakurle guztiek daukatena eta gehiagotan praktikatu beharko genukeena. Eta laguntasun ariketa telepatiko hori iruditzen zait mirarizko zerbait, behin ere ohituko ez naizen zerbait. Iraganarekin eta etorkizunarekin duzun lotura bat da, ezagutzen ez duzun jendearekin, baina lortu duzuna zerbaitetan ados egotea, konbentzitzea edo elkarrekin jolastea. Ilunpetan.
Definitu duzue liburua literaturaren eta maitasunaren aldeko manifestu literario baten moduan.
Maitasunak eskaintzen dizkigu sentimendu bat baino gehiago, transformaziorako aukera bat. Eta norbait maite duzunean, edozein modutan, transformatu egiten zaitu sentimendu horrek; integratu egiten da zure baitan eta diferentea zara, zure zorionerako, modurik onenean. Sormena maitasunezko ariketa bat den neurrian, maitasuna ere bada sormenezko ariketa bat.
Esker on bat dago liburu honetan; esaldi labur batzuk lapurtu dizkiet iraganeko euskal idazleei, omenaldi gisa: hau da Txomin Agirre, hau da Beñat Etxepare, hau da Axular. Asko lagundu didate beraiek azken hamar urteetan, klasikoen irakurketa jarraituak idazten. Orain dela mende batzuk zeuden idazle horiei esker idazten dugu, gaur egun, idazten dugun moduan.
Zergatik da garrantzitsua literaturaz eta maitasunaz idaztea?
Gure kultura patriarkalean adingabetasun bat erakusten duen sinesmen errotu bat dugu, oharkabean transmititzen duguna: bihotzean dagoenaz hitz egitea eta horrekin literatura egitea umekeria bat dela.
Kulturak badu joera bat oso zinikoa izatekoa, apenas konturatu gabe. Arazoa ez da konpontzen bihotzean dagoen horretan sakondu gabe, ideia horiek transformatu gabe. Ez da soilik behar ditugula emakume gehiago literaturan; behar dugu literatura bat ez dituena generoak gutxiesten, ulertzen duena bihotzean dagoena dela benetan inporta duena.
Ditugun aurreiritzi guztiak, hain boteretsuak direnak boteretsu egin direlako, transformatzen hasi behar gara, bestela, jaio baino lehen anputatzen dugulako literatura. Konplexu eta min handiak ditugu herri gisa, eta horiek gainditzeko bidea ez da ez bagenitu moduan jokatzea, baizik eta onartzea baditugula eta maitasunez sendatzea.
Seriotasuna eta kanpoko balidazioak bilatzea iruditzen zaizkit anbizio apur bat tristeak, uzkurtuak eta aspergarriak. Uste dut gehiago dibertitu behar garela, bestela, literaturak ez ditu irakurleak galtzen, baizik eta abandonatzen. Eta hori da nire beldurra. Egin behar ditugu irakurleak erakarri, liluratu, konbentzitu gugana etortzeko, dibertitu, entretenitu. Irakurriak izatearen anbizio hori da literaturak duen anbiziorik nobleena; irakurtzen ez den bitartean, liburuak ez dira literatura, objektu bat dira.
Apal batean dagoen objektu bat.
LITERAKTUM JAIALDIKO EGITARAUA
Erakusketak eta Lehiaketak
- Urriaren 26tik azaroaren 10era: Pinotxoren abenturak ilustrazio lehiaketa Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. maila bitarteko haurrentzat, Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan.
- Urriaren 30etik urtarrilaren 24ra: Iraganeko eta gaurko euskal ilustrazioa erakusketa, Aiete Kultur Etxean.
- Azaroaren 4tik abenduaren 30era: Itziar Lamuedraren Poesia, oinarrizko bizi euskarria erakusketa, Intxaurrondo Kultur Etxean.
- Azaroaren 12tik abenduaren 13ra: Feillet ahizpei omenaldia erakusketa, Aiete Kultur Etxean.
- Azaroaren 13tik urtarrilaren 9ra: Bigararen Dudak dakarrena erakusketa, Okendo Kultur Etxean.
- Azaroaren 13tik abenduaren 12ra: Gure gailurretako historia marrazten erakusketa, Ernest Lluch Kultur etxean.
Azaroak 9
- Joseba Sarrionandia: Drapetomania liburuari buruzko elkarrizketa, Viktoria Eugenia Cluben, 19:00etan.
- Juan Gabriel Vásquez: Esto ha sucedido lanari buruzko elkarrizketa, Okendo Kultur Etxean, 19:00etan.
- Itzultzaile Berriak, 10 urte: Atzerriko lau itzultzaileren eta Juan Kruz Igerabideren arteko solasaldia, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
Azaroak 10
- Jabier Muguruza: Café Mokka liburuaren inguruko elkarrizketa, Viktoria Eugenia Kluben, 19:00etan.
- Elvira Mínguez: La educación del monstruo lanari buruz arituko da Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
- Lucía Solla Sobral: Comerás flores obrari buruzko saioa, Kutxa Fundazioa Kluban (Tabakalera), 19:00etan.
Azaroak 12
- Irati Jimenez: Gaupasa Kluba liburuaren aurkezpena eta elkarrizketa, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
- Máximo Huerta: Mamá está dormida lanari buruzko elkarrizketa, Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan.
- Yasmina Reza: Casos reales liburuari buruz arituko da Okendo Kultur Etxean, 19:00etan.
Azaroak 13
- Nerea Pallares: Punto de araña obrari buruzko elkarrizketa, Loiola Kultur Etxean, 19:00etan.
- Gure gailurretako historia marrazten: Erakusketaren inaugurazioa eta solasaldia, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
- Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran: 85 Kopla hitzaldi musikatua, Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz), 19:30ean.
Azaroak 14
- Uwe Wittstock: Marsella, 1940 liburuaren inguruko saioa, Okendo Kultur Etxean, 18:00etan.
- Zinema: Pinocho (1940) filma, 17:00etan.
- Lantegiak (Pinotxo ilustratzen): Aitziber Alonso Parte Zaharrean, Asier Iturralde Aieten, Maite Gurrutxaga Martutenen eta Iban Illarramendi Grosen egongo dira, 17:00etan.
- Patata Tropikala: Enperadorearen kondaira haur antzerkia, Larratxo Kultur Etxean, 18:00etan.
- La Escalera de Tijera & Z Teatro: La loca historia del Siglo de Oro antzerkia, Imanol Larzabal Aretoan, 19:30ean.
Azaroak 16
- Fabio Neri: Páramo herido obrari buruzko elkarrizketa, San Jeronimo Aretoan, 19:00etan.
- Patricio Pron: En todo hay una grieta y por ella entra la luz saioa, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
- Garazi Kamio: Moebiusen ertzak liburuari buruz arituko da Elkar Aretoan, 19:00etan.
Azaroak 17
- Itziar Ugarte: Egunen alde zuria lanari buruzko elkarrizketa, San Jeronimo Aretoan, 19:00etan.
- Manuel Vilas: Islandia liburuaz arituko da Okendo Kultur Etxean, 19:00etan.
- Ángel Marco: Sonata de otoño (R.M. del Valle Inclán) errezitaldia, Viktoria Eugenia Cluben, 19:00etan.
Azaroak 18
- Ken Bugul: El baobab que enloqueció lanari buruzko saioa, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan.
- Ernesto Is / Inko Martín: Río Rojo soinu performancea, Kutxa Fundazioa Kluban, 19:00etan.
- Dudak dakarrena: Itziar Aranbururen eta Jon Ander Garciaren arteko elkarrizketa, Okendo Kultur Etxean, 19:00etan.
- Lur Korta: Basurdekume txikia ipuin kontaketa ilustratua, Haur Liburutegi Nagusian, 17:30ean.
- Maren Basterretxea: Otsoko eta Xixili ipuin kontaketa musikatua, Loiola Kultur Etxean, 18:00etan.
Azaroak 19
- Sergio del Molino: La hija lanaren inguruko elkarrizketa, San Telmo Museoan, 19:00etan.
- Kutxa Fundazioa Literatura Sariak eta Ibilbide Saria: Jon Gerediagaren eta Nerea Arrienen sari banaketa eta Arantxa Iturberi Ibilbide Saria emateko ekitaldia, Kutxa Fundazioa Kluban, 19:00etan.
- Grazia Deledda: Basurdekume txikia eta El regalo de Navidad ipuin kontaketa inklusiboa, Haur Liburutegi Nagusian, 19:00etan.
Azaroak 20
- Madalena Matoso: Zertarako balio du? saioa, Ernest Lluch Kultur Etxeko liburutegian, 11:00etan.
- Joxan Goikoetxea & Euskamerata: Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoa, Antzoki Zaharrean, 19:30ean.
- Javier Liñera & Ékoma Teatro: Lo peor que le puede pasar a un niño antzezlana, Imanol Larzabal Aretoan, 19:30ean.
- Slawka Grabowska: Harper Lee y Matar a un ruiseñor hitzaldia, Gastronomiazko Euskal Anaiartean, 19:30ean.
- Afari literarioa: Cena en la mesa de Atticus Finch afaria, Gastronomiazko Euskal Anaiartean, 21:00etan.
- Sari banaketa: Pinotxoren abenturak ilustrazio lehiaketaren sari banaketa, San Jeronimo Aretoan, 17:30ean.
- Festa: Haurren Egun Unibertsalaren 10. Festa, Ernest Lluch Kultur Etxean, 18:00etan.
Azaroak 21
- Mireia Delgado: Matilda (Ipuin Kontalarien XII. Maratoia) saioa, San Jeronimo Aretoan, 18:00etan.
- Inko Martín: Encender una hoguera irrati performancea, Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan.
- Ipuin Kontalarien XII. Maratoia: Saio bereziak egingo dituzte San Jeronimo Aretoan 11:00etan, 12:00etan eta 17:00etan.
- Yarleku Teatro: Agur Peter Pan haur antzerkia, Aiete Kultur Etxean, 17:00etan.
- Behibi’s Teatro Antzerkia: Ezer ez haur antzezlana, Okendo Kultur Etxean, 17:00etan.
Azaroak 23
- Llucia Ramis: Un metro cuadrado liburuaren elkarrizketa, Zubieta-Troa liburu dendan, 19:00etan.

