Berdintasun plana osatzeko ordenantza berria egiten hasi da udala
Ane Oiarbidek aurkeztu du ordenantza berria egiten hasi direla.Donostiako Udala Ordenantza berria idazten hasi da udala, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Ordenantza, honako helburu hauekin: “Benetako berdintasuna bermatzea, indarkeria matxista prebenitzea eta genero ikuspegia udal politika eta jarduera guztietan txertatzea”. Ordenantzan jada badauden berdintasun planak osatu nahi ditu, neurri zehatzak garatuz.
Ordenantza Berdintasunerako V. Udal Planarekin bat dator, eta kontsulta publikoa ere egingo dute, proiektuan interesa dutenen ekarpenak jasotzeko. Hala, udalaren webgunean ekarpenak egiteko aukera ahalbidetu dute, bertatik iradokizunak, ekarpenak eta ideiak jasoko ditu. Jasotakoak, “hala badagokio”, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko dion testuan txertatuko ditu, eztabaidatuak izan daitezen.
Batzordeetan eztabaidatu aurretik, aurkezpen publiko bat egingo du, non erakunde eta pertsona interesdunek parte hartu ahal izango duten, jasotako ekarpenei erantzuteko. Udalbatzar batzordera bidaliko dute, eta ondoren udalbatzarrera. Bertan testua onartu ondoren, erakusketa publiko bat egin nahi du udalak, alegazioak aurkezteko aukera emanez, eta behin betiko onartu aurretik, “hala badagokio”, aldaketak egingo zaizkio testuari.
Hainbat helburu espezifiko izango ditu ordenantzak: genero ikuspegia zeharka txertatzea udal politika, zerbitzu, programa, plan eta prozedura guztietan; udal aurrekontua egitean berdintasun irizpideak ezartzea; egiten diren kontratazio publiko, diru laguntza eta irun denetan berdintasun klausulak aplikatzen direla bermatzea; udal enplegu publikoan, prestakuntzan, barne sustapenean, ordainsarietan, kontziliazioan eta erantzunkidetasunean berdintasuna sustatzea; indarkeria matxista, sexista eta eraso sexistak prebenitzea eta horien aurrean erantzutea; sexismorik gabeko hiri bat sustatzea; emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatzea udal organoetan, lan mahaietan, epaimahaietan eta herritarrek parte hartzeko prozesuetan; jarraipenerako, ebaluaziorako, gardentasunerako eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea berdintasun politiken inguruan; eta lankidetza indartzea elkarte feministekin, emakumeen erakundeekin, gizarte langileekin…

