Donostiak Naziometroaren 5. Jardunaldia hartuko du azaroaren 12an, euskal nazio kontzientzia aztertzeko
Naziometroaren 4. Jardunaldia, iaz.Telesforo Monzon laborategia Datorren ostegunean, hilaren 12an, Naziometroaren 5. Jardunaldia ospatuko dute Donostian, Euskal Nazioaren Kontzientzia: gaurko eta biharko erronka berriak izenburupean. Naziometroa —Euskal Burujabetzaren Barometroa izenez ere ezaguna— Telesforo Monzon eLab-ek eta EHUko Partehartuz ikerketa taldeak bultzatutako tresna soziologikoa da. Bere helburu nagusia da, noizean behin, euskal herritarrek burujabetzaren, nazio kontzientziaren eta etorkizun politikoaren inguruan dituzten iritziak eta joerak neurtzea.
Ekitaldia EHUren Donostiako kanpusean egingo da, 9:00etatik 14:00etara, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean.
Programa osoa
Jardunaldia 09:00etan hasiko da harrera, akreditazio eta material banaketarekin. 09:15ean, Urko Aiartza Azurtzak eta Malen Dominguez Zabalak ongietorria eta sarrera egingo diete bertaratutakoei.
Goiza bi hitzaldi nagusik hartuko dute: lehenengoa 09:30ean izango da, Daniel Cetràren eskutik; nazio kontzientzia eta identitate nazionala zer diren eta nola ulertu behar diren landuko du. Ondoren, 10:10ean, Asier Etxenikek hartuko du hitza, Naziometroaren datuek nazio kontzientziaren inguruan zer dioten aztertzeko.
Atsedenaren ostean, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea irekiko da bi mahai ingururen bidez. 11:10ean, Zelai Nikolasek dinamizatuta, egungo erronka anitzeko testuinguruari erantzuteko estrategiak eztabaidatuko dituzte Joseba Sarrionandiak, Haritz Azurmendik eta Miren Artetxek. Jarraian, 12:20ean, bigarren mahai inguruak Euskal nazio kontzientzia etorkizunera begira gaia jorratuko du, Julen Zabalok gidatuta; bertan izango dira Ane Urkiri, Iraia de la Torre, Jon Fernandez eta Oihana Azkorbebeitia.
Ekitaldia amaitzeko, 13:30ean, bertaratuen ekarpenak eta galderak jasotzeko tartea zabalduko dute, eta 14:00etan emango zaio behin betiko itxiera jardunaldiari.

