MODU tabernak ateak zabaldu ditu Tabakaleran
Ateak zabaldu ditu Tabakalerako kafetegi berriak.Beñat Parra Tabakalerako MODU tabernak gaur ireki ditu ateak. Pasa den urte bukaeran, kultur guneko jatetxe zerbitzua ustiatzeko lehiaketa publikoa egin ondoren, apirilean esleitu zioten tokiko produktuetan oinarritutako proiektuari.
Kafetegiak goizean goizetik gosariak zerbitzatuko ditu, eta sukaldeak etenik gabe jardungo du. Bazkari eta afari zerbitzuetan karta laburragoa eskainiko du, zerbitzua arina izateko. Askotariko eskaintza du: hanburgesa, pizza, legatza eta entrekota… Aukera begetariano eta beganoak ere badituzte, baita koktelak eta tokiko ekoizleei arreta berezia eskaintzen dien ardo aukeraketa ere.
Argiztapena eta musika aukeraketa orduaren arabera aldatuko dituzte. Hain zuzen ere, espazioa eta giroa une bakoitzera egokitzeko modu horri lotuta baitaude MODU izena eta Egiteko modu bat leloa. Halaber, DJ kabinak eta binilo bildumak leku nabarmena du, aurrerago musika saioak antolatzeko asmoa baitute, Tabakaleraren kultur jarduera osatzeko.
Astegunetan 08:00etan ireki, eta 23:00etan itxiko dute, ostiraletan izan ezik, 00:00etara arte luzatuko dute. Larunbat eta igandeetan, berriz, 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta, itxi, 00:00etan eta 23:00etan, hurrenez hurren.

