Sara Alonso izan da Skyrunner World Series zirkuituko txapelduna
Sara Alonso eta Manuel Merillas Skyrunner World Series zirkuituko irabazleak.Anton Guaresti Denboraldia borobiltzen ari da Sara Alonso korrikalari donostiarra. Larunbatean, Castellon jokaturiko Marato dels Dements —eroen maratoia— mendi lasterketa irabazi zuen, Skyrunner World Series zirkuituko azken proba, eta SkyMasters finala. Horri esker, Alonso da zirkuituaren 2026ko txapelduna.
Donostiarra zen azken lasterketako faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Horrela ere, espero baino gehiago sufritu behar izan zuen 42 kilometro eta 3.903 metroko goranzko desnibela gainditzeko. Izan ere, lehen jaitsieran erori egin zen eta saihetsetan min hartu zuen. Erorketak Alonsoren maila baldintzatu bazuen ere, lidergoari eutsi zion, eta bakarrik iritsi zen helmugara (5:30:38). Elena Karafilioska mazedoniarra izan zen bigarren eta Greta Garcia espainiarra hirugarren. “Lasterketa oso gogorra izan da. Erori eta saihetsak kolpatu ondoren, ez dakit baten bat apurtuta ote dudan. Azken bi orduak oso latzak izan dira”, aitortu zuen probaren bukaeran.
Donostiarrak zirkuituan parte harturiko proba guztiak irabazi ditu: Acantilados del Norte, Calamorro, Gorbeia Suzien, Sobrescobio eta Marato dels Dements. Hori dela eta, aise gailendu da Skyrunner World Serieseko sailkapen orokorrean, 700 puntu borobilekin. Eva Delafossek bukatu du bigarren 506 punturekin, eta Patricia Pinedak hirugarren 492 punturekin.

