Martxa da aurtengo LABO XL jaialdia
LABOXL jaialdiaren inaugurazio ekitaldia. Ane Berriotxoa LABO XL jaialdiaren zortzigarren edizioa gaur abiatu da Tabakalerako Plazan, erakundeetako ordezkariak, artistak, kultur eragileak eta herritarrak bildu dituen inaugurazio ekitaldiarekin. Azaroaren 12tik 15era bitartean, Tabakalerak eta Gazteszenak dantza, antzerki eta zirku garaikidearen topagune izango dira. Inaugurazioan, erakundeen ordezkariek kulturaren aldeko babes publikoaren garrantzia azpimarratu dute, ez soilik laguntza ekonomiko gisa, baita pentsamendu kritikoa sustatzeko eta gizarte biziagoa eraikitzeko tresna gisa ere.
Aurtengo edizioak 22 konpainiaren 22 ikuskizun eta lau bitartekaritza ekitaldi eskainiko ditu, tokiko, nazioko eta nazioarteko proposamenak uztartuz. Gonbidatutako lurraldea Balearrak izango dira, eta bertatik lau konpainiak hartuko dute parte jaialdian, sektoreko hainbat profesionalekin batera. Nazioarteko presentzia ere ez da faltako: Frantziak, Portugalek eta Estoniak beren proposamenak ekarriko dituzte Donostiara. Estoniaren kasuan, gainera, lehen aldia izango da jaialdian, Euskal Herriaren eta Baltikoko herrialdearen arteko harremanak eta lankidetza artistikoak sustatzeko aukera emanez.
Aurtengo LABO XLren ardatz nagusia konexioak izango dira. Horretarako, goizak topaketetarako eta ideiak partekatzeko erabiliko dira, artistek, programatzaileek eta kulturako beste profesional batzuek elkar ezagutu eta proposamen berriak gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Arratsaldeetan, berriz, ikuskizunen txanda izango da. Jaialdiak urte hauetan guztietan eraikitako topagune izaera indartu nahi du horrela, hausnarketatik sorkuntzara eta elkarlanetik agertokira salto eginez.
Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Compañía X konpainia eibartarrak CUERPAS dantza garaikideko pieza estreinatu du, lau eguneko programazioari hasiera emanez. LABO XLk, beste urte batez, espazio ireki eta hurbila eskaini nahi die sorkuntza garaikideari eta ikusleei, arte eszenikoen bidez ideia berriak ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta harreman berriak sortzeko. Azaroaren 15era arte, Donostia sormenaren, mugimenduaren eta kultur topaketen plaza izango da.

