AET-k 30 urte: nola bihurtu oholtza bizileku
30 bete ditu Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrak (AET) ikasleei antzerkiaren munduko ateak zabaltzen. Formakuntza eszeniko hutsetik haratago doan eredu bat finkatu du, ikasleei garapen pertsonalerako eta eguneroko bizitzarako ezinbesteko erremintak emanez.
AET-ko ikasle batzuk.AET Sortu zenetik, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrak (AET) ehunka lagunen ametsak oholtzan gorpuztu ditu, antzerkiaren munduko ateak parez pare zabalduz. Aurten, proiektua bere 30. urteurrena ospatzen ari da. Hasieran hainbat tokitatik igaro bazen ere, gaur egun Egian daude kokatuta, Gazteszena aretoaren inguruan.
AETren filosofia ez da soilik teoria irakastea: ikasleek prozesu osoa bizitzen dute, sorkuntzatik hasi eta azken antzezpenera. Bide horretan, Laida Etxeberria irakaslearen eta Marta Santesteban ikaslearen testigantzek ezin hobeto islatzen dute eskolaren benetako taupada.
Bizitzarako prest
Etxeberriak badaki antzerkia bizitza bera ulertzeko tresna dela. Hamar urte daramatza Gorputza, gorputz mekanika eta dantza irakasgaiaren gidari gisa proiektuan, gorputzaren kontzientzia, lesioen prebentzioa, malgutasuna, espresioa eta arnasketa lantzen.
Gogorarazi duenez, AETn ez da soilik antzerkia irakasten; antzerkiaren historia eta gorputz adierazpena ere ezinbesteko zutabeak dira, eta horretarako lantalde egonkorra dute irakaskuntzan. Bere esanetan, AETk formakuntza eszeniko hutsetik haratago, eguneroko bizitzan «mentalki eta psikologikoki balio dieten erremintak» ematen dizkie ikasleei: «Antzerkiak norberaren garapenean eta bilakaeran laguntzen du, erabat».
Azken lauzpabost urteetan, nabarmen gaztetu da ikasleria; egun, 17 eta 25 urte bitarteko gazteak dira nagusi eskolan. Etxeberriak «harrotasunez eta pozik» begiratzen dio bilakaera horri, azken belaunaldietako talentu askok lan munduan —telebistan, telesailetan, musikaletan eta antzerkian— bidea urratzea lortu baitute, arte eszenikoen mundua «erraza ez» izan arren. Irakaskuntzaren fruiturik ederrena, baina, ikasleak jendaurrean ikustea da: urtean birritan igotzen dira oholtzara; urtarrila amaieran edo otsailean obra txiki batekin, eta, maiatzean, obra handi batekin.
«Oso harrituta zein pozik gaude ikasleen
ehuneko handi batek lanean
jarraitzen duela ikustean»Laida Etxebarria, AET-ko irakaslea
Etorkizunera begira
Eskolak hemendik aurrera duen erronka nagusia betiko izaerari eustea da, gaur egungo zuzendaritza batzorde horizontalaren ereduan sakonduz. Eredu hori Ana Perez minbiziaz hil zen irakasle eta zuzendariaren galeraren ostean ezarri zen, eta gaur egun eskolan denbora gehien daramatenek osatzen dute: Hugo Talavera (koordinatzailea), Belen Cruz, Kepa Errasti, Xabier Ormazabal, Patxi Perez eta Etxeberria bera. Hala, zikloaren edertasuna azpimarratzen du Etxeberriak; izan ere, Errasti eta Ormazabal, bere garaian AETn ikasle izatetik, irakasle eta zuzendaritzako kide izatera pasatu dira.
Ordea, proiektuak aurrera egingo badu, instituzioen laguntza ezinbestekoa dela uste du Etxeberriak: «Oso aitortuak sentitzen gara, baina instituzioei eskatuko genieke zentro publiko berriak sortzen direnean gure urte horiek guztiak kontuan hartzeko».
Oholtzaren bestaldetik
Santestebanek argi erakusten du eskolak utzitako arrasto sakona. Aurrez beste zentro batean bizpahiru urtez aritu zen, baina astean ordubeteko saioak izanik, ez ziren oso jarraituak. Orduan erabaki zuen AETren «ikuspegi profesionalagoa eta sakonagoa» aukeratzea, astean ordu gehiago eta irakasgai anitzagoak eskaintzen dituelako.
Berarentzat, antzerkia hitzez esan ezin daitekeena askatzeko bidea izan da: «Gorputzak eta aurpegiak presentzia handia dute antzerkian, lanean zein lagunartean. Jendeak transmititu nahi duzuna uler dezan, ez dago ezer esajeratu beharrik».
«Antzerkian, harremanak lantzen
eta gure ahotsa zein gorputza ondo
erabiltzen ere ikasten dugu»Marta Santesteban, AET-ko ikaslea
Konfiantza sendoa
Gaur egun, hirugarren eta azken mailan dago Santesteban, eta garapena nabaria izan da; hiru ikasturteko elkarbizitzak eta eguneroko lanak konfiantza sare sendo bat ehuntzen dute taldearen barruan. Lotura horren adibide garbiena hirugarren mailako Sorkuntza ikasgaia da: bertan, ikasleek irakasle baten gainbegiradapean baina autonomia osoz lantzen dituzte euren piezak, istorioa idatziz eta pertsonaiak zein oholtza prestatuz. Lan hori guztia publikoaren aurrean erakusteko aukera izateak oholtzako presentzia eta norbere segurtasuna izugarri haztea dakar: «Oholtza gainean taldea nola batzen den ikustea, irakasleen babesa sentitzea eta ikusleen iritzia jasotzea sekulako esperientzia da», adierazi du Santestebanek.
Bizipenak utzitako zapore gozoarekin, ikasleak gonbidapen zintzoa egin die antzerkiaren munduan hastea amesten dutenei edo zalantzan daudenei: beldurrak uxatzeko, norbere buruarengan konfiantza izateko eta saiatzeko. Hasieran, barneko mundua azaleratzea kosta daitekeen arren, ikasleak argi du antzerkian ez dutela interpretazioa soilik ikasten, besteekiko harremanak zaintzen eta ahotsa zein gorputza ondo erabiltzen ere bai: «Bakoitzak bere erronkak ditu bizitzan, eta pixkanaka helburu horiek lortzeko bide aberasgarria da hau».


