Erredentzio bat
Filma: Les Miserables
Zuzendaria: Fred Cavaye
Urtea: 2026
Herrialdea: Frantzia
Victor Hugoren izen bereko klasikoaren inguruko enegarren zinema moldaketa bat dela esango dute askok, izenburua eta sinopsia irakurri bezain laster. Baina ez zaitezte konformistak izan, eta ez zaitzatela nagiak baldintzatu (hiru ordu luze irauten du filmak). Orain arte ezagutu ditugun egokitzapenekin ez du zerikusirik, ezta Ladj Lyren berrinterpretazio garaikidearekin ere.
Netflixen babespeko superprodukzioa izanik, punta-puntako aktoreek (Vincent Lindon, Tahar Rahim, Camille Cottin, Benjamin Lavernhe, Noemie Merlant, Vassili Schneider) interpretatu dituzte Frantziako Iraultza osteko garaira garamatzan Les Misérables honetako pertsonaiak, eta trama nagusiari fidel bazaio ere, koraltasunari uko egin eta Jean Valjean eta Javertengan jarriko du fokua.
Familiak faltan zuen ogia lapurtzeagatik 19 urte espetxean eman ondoren, bizitzari aurre egiteko bigarren aukera aprobetxatuko du Valjeanek, besteen miseriei etekina ateratzen saiatzen direnen aurka eginez. Aldiz, haurtzarorik gabeko kartzela bilakatu zen bizitza Javert inspektorearentzat; zauriturik dagoen txori gaixoa da, amak abandonatu zuenetik kale gorriko delinkuentziarekin guztiz akabatzera tematuta dagoena. Biek hartutako bideak elkargurutzatu egingo dira, betiere pantaila zabalean presente eta gordin agertuko zaigun giza tragediaren gogorapenaz kolpatuta.
Narratiboki bizia den drama fisiko eta dinamikoa da Les Misérables, eleberriak bezainbesteko mezu unibertsal eta aldarrikatzailea dakarrena. Pobreziak otso bihurtzen du gizakia, bizirauteko beharrizanak askatu egiten ditu balazta etiko eta moralak; baina bada ongian sinesten duenik, eta hala eginez gero soilik aurki daiteke erredentzioa, bakea.
Bada, pertsonaien dimentsio psikologikoaren lanketa (narratiboa, bisuala eta musikala) guztiz nagusituko da kontaketan, eta iraganeko traumei berebiziko garrantzia eta balioa emango die Cavayék, pertsonok nola eraikita gauden eta identitateek nola eragiten diguten azaleratuz.

