Ase eta bete ez dira berdinak
La Perrerieren 'Yo soy un cuerpo', larunbateko LABO XL jaialdian.@an_txoa Labo XL arte eszenikoen jaialdia berriro ere ospatzen ari dira egun hauetan Tabakaleran; zortzigarren edizioa da aurtengoa. Nik larunbat arratsaldea hartu nuen bertaratzeko, eta 17:00etan han nengoen, emanaldiz jositako arratsaldea izango zenaren atarian.
Infinitu Drama konpainiaren Adarbakarra ikuskizunarekin hasi zen egitaraua. Maite Aizpurua eta Garazi Navas elkarrekin eszenan: fantasia bat. Euskal kulturari kolonoskopia bat; Euskal Herrian ere adarbakarren kondairak egon direnaren ilusioa; kondaira horiek ezer berririk ekarri ez dutenaren dezepzioa (euskal kulturaren beste dezepzio bat dena); zortzikoa gora eta behera birmoldatzea, hau ere adarbakar izanik; epikotasunari kritika egitea, epikotasunean plazera dagoela ikusten denean; dena eta denok ipurtzulo bat garenaren sententzia, garbitu arren beti zikin, itsusi, erren, munstro.Mila ideia bildu zituzten eszenan, eszenaratze motak bezainbeste, batetik bestera interpelazio eta umore askorekin eramanez. Ikusteko moduko pieza bat, zalantzarik gabe.
Emanaldi honekin aseta nuen arratsaldea. Ideia mila eszenan ikusita, sentsazio batzuekin eta hausnarketa askotarako ateak irekita, gustura emango nioke amaiera egun horretako ikusle rolari. Baina konpromisoak zirela eta, agian haiei kontra egiteko beldurra tartean, betekada bat izango zenaren intuizioa alde batera uzten saiatu eta hurrengo emanaldietara sartu nintzen: bi pieza motz Tabakalerako Patio aretoan. Maya Triay eta Mariona Jaumeren S’Albufera eta La Perrerieren Yo soy un cuerpo, Balear uharteetakoak biak.
Segur aski, artistek ez zuten nire momentuko apatia hori merezi, oso hotz sentitu bainintzen haien lanak jasotzean.Aurretik ikusitakoa oraindik kokatu ezinik nenbilen seguruenik, eta loturarik gabekoa iruditu zitzaidan, pixka bat,programazioaren planteamendua. Eskaintzen dena bezain garrantzitsua iruditzen zait aurretik eta atzetik gertatzen dena.Ikusleok ez gaude beti berdin, artistak ere beti berdin ez dauden moduan. Ideia horri heltzea gustatzen zait erlaxatzeko,eta errua gainetik kentzeko ere bai, pentsatzen dut. Hasieran sumatutako betekadaren intuizioa egia bihurtzen joan zen emanaldiak ikusi ahala, eta azken obrarekin enpatxu totala sentitu nuen: literalki, tripako mina.
Eta handitzeak eta irauteak gutxiago, gertuago, zainduago, goxoago egitea esan nahiko balu? Kalitatea kantitatearen aurrean… XL beharrean XSrantz jo nahiko nuke gehiago arte eszenikoetan ere; gero eta ziurrago nago horretaz.
Aizpuruak komentatu dituen dezepzioen inguruko gogoetak buruan, adarbakarraren odol bila nabil orain, ea tripak osatzen zaizkidan.

