Isiltasuna ez da existitzen
Mikel Ayllon aktorea, LABO XL jaialdian.Nagore Garmendia Itxi begiak. Hau komunitate bat da baina bakarrik zaude. Noiztik entzuten dituzu ahotsak? Zergatik egin zenuen alde hazten ikusi zaituen herritik? Zenbatetan esan diozu amari ez zarela itzuliko? Basoa eta itsasoa daude hor; ez dira mugitzen, eta zu ere kostata. Fin eduki behar duzu entzumena, ikusmena urratu dizutelako 40 minutuan zehar. Urratu, kiskali. Sute bat dago. Ikusten duzun guztia entzun dezakezu. Baina ezin duzu entzuten duzun guztia ikusi. Badakizu?
Ke usainak eta berdinak diren zuhaitzek sentirazten zaituzte bakarrik, arriskuaren aurrean. Beroa, bakardadea, sua. Hondartza bat urik eta harerik gabea; soilik burbuilak. Lehertzen direnean plazera ematen duten horietakoak. Dena ikusteko gai bagina, itsuak izatearekin amestuko genukeen. Mikel eta Irati sentitzeko inork ez luke nahi itsua eta gorra izan. Baina ez dituzu begiak behar haiek sentitzeko. Soilik behar dituzu bi harri, zure begi galduak islatzeko eta zure iluntasunean aurrean duzun beltzez jantzitako gizon horri beldurrarekin aurre ez egiteko. Ahotsak entzuten dituzu?
Elkar babestu ez erretzeko eta ahotsei erantzun, bakarrik ez sentitzeko. Suebakiak egin, zu ez zaren beste guztia erre dadin. Gu erre ez gaitezen. Sakrifika dezakegu lurra gu salbatzeko? Zer diote ahotsek? Zer da laino, zer da ke. Hau da bizitza. Eta hiri hau oso handia. Ez dituzu lagunak eta zure jaioterrian bizitzeari aspaldi ez diozu aurkitzen zentzurik. Zure urtebetetzea da, zorionak. Ez dakit norbaitek zorionduko zaituen. Tira, ahotsek, agian, bai. Sorbaldetatik helduko zaituzte eta basora joango zara paseatzera, baso berde amaigabe horretara, denbora asko pasatzen duzu han eta itsasoan, itsaso amaigabe horretan urak zipriztintzen dizkizu buruko txori guztiak, dagoeneko egin duzu eta kabia haientzat, behintzat, zure urtebetetze egunean bakarrik ez sentitzeko.
Ahotsak entzuten dituzu eta ez, ez zaude bakarrik. Ez dakizu noren ahotsa den, agian zurea. Eta sua? Norena da sua? Nondik dator sua eta zergatik erretzen zaitu? Txinparta entzuten duzu baina ez duzu ikusten. Sentitzen duzu azalean beroa, bakarrik egon nahi duzu, bakarrik erre. Soilik erre. Harriak kolpatzen dituzu ezin duzulako ingurura begiratu. Agian, lurrari lotuta ez zaude hain bakarrik eta ez zara bakarrik hilko. Ez duzu bakarrik hil nahi. Ez duzu hil nahi. Ala bai? Normala baldin bazara, inork ez zaitu zorotzat hartuko. Baina ahotsak entzuten dituzu eta basoan zaude. Bakarrik.
Eta garrantzitsuena ez da sute bat dagoela, erre egingo zarela, baizik. Erre egingo zara eta dena amaituko da. Amaitu arte, ordea, dena da aseptikoa, gela, mahaiak, aulkiak, zuriz jantzitako psikiatra hori aseptikoa da, errealitatea bera da aseptikoa eta gezurra da dena, bihotza, gezurra. Nork ordenatuko dizkizu hitzak? Minak arindu nahi badituzu zuzendu orkestra bat, bihotza, edo betirako nahi duzu min hori? Zabaldu besoak, bihotza, eta astindu eskuak kontzertua amaitu ez dadin. Hartu pastilla bat eta normala izango zara. Orain txoriekin hitz egiten duzu eta biluztu egiten zara hotz zarenean, zerua ukitu nahi duzu baina sufritu egiten duzu.
Isiltasuna ez da existitzen.
Abandonatuta zaude.
Apurtuta.
Baina pastillekin sendatu egingo zara eta izango zara berriro normala, txoriekin hitz egiteari utziko diozu eta bakarrik egongo zara berriro, harriak eskuan, begietan, bihotzean, bihotza.
Ez duzu zure urtebetetzea ospatu, ez daukazulako zeinekin egin. Ez duzu nora itzuli. Bizitza, bihotza. Ezkutatu, bihotza, eta hartu pastillak. Izango zara gai suizidio ohar bat idazteko, horiek beti direlako ordenatuak, agian, ordenatua dagoen gauza bakarra da buruak estruktura guztiak eraitsi dituenean. Zutik zaude, soilik, betirako etzan nahi duzunean. Lo egin nahi duzu. Betirako, lo, bihotza.
Haize arin bat hondartzan, itsasbehera, zure burua eta zu, eta zure ahots guztiak. Zureak dira, dagoeneko, jarraitzen duzulako jakin gabe zeinenak diren eta behintzat, ez zaituztelako bakarrik uzten. Poesia apur bat du esateak itsasoan sartu eta pixkanaka desagertu zinela, baina ez da egia. Marea igo zen bezain azkar eman zenuen zuk pauso bat aurrera. Bertigoa hankapuntetan, orkatiletan. Eta zurea da errua, badakizu? Ez duzu ezertarako balio.
Ez duzu ezertarako balio.
Dantza egin duzu hegan egiten ari zarela sentitu arte, harriek ez dute pisatzen lurrera bota dituzulako, ez dituzu behar, zertarako behar dituzu? Horrek urratzen dizu hegan egiteko gogoa. Sugarrek hazten jarraitzen dute baina ez duzu zertan erre, zainduko zaituen sorbalda bat baduzu ondoan. Itsasoak ez zaitu irentsiko, dantzan jarraitzen baduzu, norbaiten eskutik helduta.
Begietara begiratzea ahaztu zaizu baina erraz aurkitzen duzu etxera bidea, Mikel eta Irati aurrean ikusten dituzunean. Ez zara erre. Basoan egon zara, itsasoan, sentitu duzu ez duzula ezertarako balio baina salbatu zaitu sorbalda batek eta ahotsek, zure buruko ahotsek salbatu zaituzte bakardade solido, itsu batetik. Iluntasunetik.




