Ekialdeko Barrutiko elkarteen topaleku bilakatuko da larunbatean Harria parkea
Muxin eta Zapotxin pailazoek emanaldia egingo dute azokari lotutako jardueren barruan.Donostia Kultura Ekialdeko Barrutiko elkarteen lehen Elkartruk azoka egingo dute larunbatean, hilak 21, Harria parkean, 10:00etatik 14:30era bitartean. Bertan, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako 23 elkartek parte hartuko dute, beren eguneroko lanaren berri emanez.
Ekialdeko Barrutiko Batzarrak sustatu du elkarteen trukaketa eta xede du eragileek elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta harremanak sendotzeko aukera eskaintzea, eta, aldi berean, auzotarrei egiten duten lanaren berri ematea ere. Batzordeko presidente Juan Marrerok gogorarazi duenez, “auzo elkarteak eta gizarte eragileak gure auzoen benetako bihotza eta motorra dira. Haien borondatezko eta etengabeko lana funtsezkoa da komunitatearen beharrak eta aldarrikapenak bideratzeko ez ezik, kohesio soziala eraikitzeko, elkartasuna sustatzeko eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako nortasuna bizirik mantentzeko ere”.
Altzatik parte hartuko duten elkarteak honakoak dira: Altzalore Astialdi Taldea, Lumaltik Herriak, Smoke Screen Asociación Artistica Cultural y Recreativa, Altza XXI Herri Ekimena, Bizarrain Euskara Elkartea, Asociacion Ucrania-Euskadi, AHM-Altzako Historia Mintegia, Altzania Kultur Elkartea, Elkartasuna Altzako Auzo Elkartea, Asociacion Social y Cultural Distrito Este de San Sebastian, Asociacion Red de Derechos por los Derechos Sociales y Humanos, Larratxoko Ostadar Emakumeen Elkartea, Herripe, Arriaga Serafines Kultur Elkartea, Ibili Fundazioa, Asociacion Club Deportivo Altza Futbol Sala eta Altzako Jai Batzordea. Intxaurrondotik, berriz: Asociacion Contra la Anorexia y la Bulimia ACABE Gipuzkoa, Asociacion Artistica-Sociocultural Mestiza, Plazandreok, A.M. Intxaurrondo Berri E.E. eta ULIA (ASPACE Gipuzkoa). Halaber, Bidebietan presentzia duen Fundacion Adsis.
Hainbat jarduera
Azoka 10:00etan abiatuko dute eta 10:15ean Taupada taldeak batukada egingo du. 11:30ean, Smoke Screen taldeak dantza erakustaldia egingo du, eta 12:00etan, Muxin eta Zapotxin pailazoen txanda izango da.
Goiz osoan zehar, bertaratzen direnek elkarteen berri izan eta haien lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, haurrei eta nerabeei bideratutako tailerrak ere aurrera eramango dituzte.
Antolatzaileek donostiarrak gonbidatu dituzte azokara. “Aukera paregabea izango da beren auzoen alde egunero lan egiten duten eragileak gertutik ezagutzeko, elkarlanerako bideak aurkitzeko eta hiriko komunitate bizitzan modu aktiboan parte hartzeko”, nabarmendu du Marrerok.

