Hans Odriozolak laugarren postuan bukatu du Munduko Surf Txapelketa
Hans Odriozola, Punta Rocasen.BAT Basque Team Atzo bukatu zen Punta Rocaseko (Lima, Peru) Munduko Surf Txapelketa, eta dominetatik oso gertu geratu zen bi ordezkari donostiarretako bat. Hain zuzen ere, laugarren postuan bukatu zuen Hans Odriozolak, gizonezkoen finalean. Kai Odriozola anaia zaharrak, berriz, hamahirugarren tokian bukatu zuen txapelketa. Biak Alemaniako selekzioarekin lehiatu ziren.
Domina lortu ez arren, nabarmentzekoa da Hans Odriozola anaia gaztearen debuta Munduko Txapelketa absolutuan. Gogoratu behar da 16 urtez azpiko Munduko txapelduna izan zela 2023an. Aldiz, hiru urtetan jauzi nabarmena egin du, eta Punta Rocasen maila oso oneko surflariak baino hobeto aritu zen.
Txapelketa nagusiko zazpigarren kanporaketa gainditu behar izan zuen finalera zuzenean iritsi ahal izateko, bigarren aukera jokatu beharrik gabe. Arerio gogorrei egin zien aurre kanporaketako txanda erabakigarrian, eta gainerako hiru lehiakideek baino puntuazio hobea lortu zuen. Hans 16.93ko emaitzarekin pasatu zen finalera, txanda irabaziz, Miguel Tudela perutarraren (13.83), Leonardo Fioravanti italiarraren (12.57) eta Luca Mesinas perutarraren aurretik.
Finalean, ordea, ez zen nahi bezain ongi aritu. Berriz ere bi perutarren aurka lehiatu zen, baina, tamalez, haien atzetik geratu zen aukeratutako olatuak ez zirelako nahikoa izan podiumera igotzeko. Horrela, Ethan Ewing australiarrak lortu zuen urrea (10 eta 9.17ko olatuak tarteko), Lucca Mesinasek zilarra (13.33), Miguel Tudelak brontzea (11.53) eta laugarren postua Hansentzat izan zen (10.34).

