Ijiton jaialdia abenduaren 4an hasiko da Intxaurrondon, erromani futurismoari eskainia
Ijiton jaialdia abenduaren 4an hasiko da Intxaurrondon, erromani futurismoari eskainia.Donostiako Udala Ijiton 2026 jaialdiak erromani futurismoa izango du ardatz aurtengo edizioan. AGIFUGIk eta Beti I Tchatchipenek sustatuta, sorkuntza artistikoa, pentsamendua eta memoria uztartuko ditu ekitaldien eta formatu digitalen bidez.
Egitaraua abenduaren 4an, ostirala, hasiko da Intxaurrondoko kultur etxean, 17:30ean. Inaugurazio jardunaldi horretan, erakundeek mintzaldiak eta proposamen artistikoak emango dituzte, eta Sarah Carmona artistak parte hartuko du. Ateak 17:00etan irekiko dira, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.
Egun horretan bertan jakinaraziko dute nor den Ijiton 2026 Errekonozimenduaren irabazlea. Saria erromani kultura garaikideari egindako ekarpenak aitortzeko sortu dute, eta aurten hamabost hautagaitza aurkeztu dira. Eusko Jaurlaritzako profesionalen behatoki batek hiru finalista hautatu ditu lehen fasean: Sandra Carmona, Bläddra eta El Regalo. Azken erabakia Nazioarteko Erromani Kontseiluak hartuko du.
Pieza digitalak eta topaketak
Bigarren ekitaldia abenduaren 11n izango da: Teledonostik eta Ijitonen kanal digitalak Lur eta ahotsa programa berezia emango dute. Erromanien lurraldea, memoria eta ahotsa lantzen dituen saio honen filmaketan erakundeen eta elkarteen ordezkariek zein Nazaret ikastetxeko ikasleek hartu dute parte.
Hurrengo astean, abenduaren 18an, jaialdia Intxaurrondoko kultur etxera itzuliko da Hiru urak topaketarekin. Emakumeei eta haurrei eskainitako saio honek Gipuzkoako eta Akitania Berriko erromanien esperientzia kulturalak lotuko ditu, eta sarrera doakoa izango da.
Jaialdia abenduaren 25ean itxiko da, 2027ko kuradoretza kontzeptuari buruzko Utopiya ikus-entzunezko piezaren irteera digitalarekin.

