Parte Zaharreko bizilagun eta ostalari batzuek Trinitate plazako pixatoki berriaren kokapena salatu dute
Abuztuaren 31ko 40. zenbakiko fatxadari itsatsita zegoen kabina zaharra eraitsi berri dute.Nerea Bazo Iragan larunbatean helarazitako ohar baten bidez, Abuztuaren 31 kaleko 40. zenbakiko bizilagunek eta inguruko ostalaritza negozioek —1813 eta Txuleta jatetxeek— bat egin dute udalak Trinitate plazako sarreran jarri nahi duen pixatoki berriaren aurka egiteko.
Kaltetuek azaldu dutenez, orain arte fatxadari itsatsita zegoen kabina zaharra eraitsi berri dute, baina udalaren asmoa da hamabost egunen buruan beste bat jartzea leku zehatz horretan bertan. Salatu dutenez, instalazio berri hori sukalde bateko leihotik hiru metro eskasera egongo litzateke, eta horrek “osasungaiztasuna, usain txarrak eta euliak” ekarriko lituzke, baita pixatokiaren erabileraren “ezinbesteko ikuspegia” ere.
Idatzian nabarmendu dutenez, hurbiltasun horrek auto garbiketa zikloen zarata mekanikoen eta aire kutsatuaren erauzleen eraginpean jartzen ditu bizilagunak. Hori dela eta, ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzaren 80/2022 Bizigarritasun Dekretuak exijitzen dituen gutxieneko osasun eta bizigarritasun baldintzak “arriskuan” jartzen direla. Arazo horiek, gainera, ondoan dauden ostalaritza negozioei ere zuzenean eragiten dietela gaineratu dute.
Osasun eta bizigarritasun arazoez gain, bizilagunek ondarearen babesa eta segurtasun falta ere jarri dituzte mahai gainean. Izan ere, eremua Babestutako Eremu Monumentala da, eta kabina bat jartzeak jatorrizko fatxada estaltzea eta araudiak debekatzen duen “elementu arrotz bat” gehitzea dakarrela argudiatu dute. Segurtasunari dagokionez, egiturak “beheko solairuetan lapurretak egitea errazten duela” eta “fatxadan pintadak egiteko bidea ematen duela” salatu dute; izan ere, garbiketa kostu horiek komunitateak ordaindu behar izaten ditu.
Gauzak horrela, kaltetuek eskaera zuzena egin diote udalari: proiektatutako kokapena geldiaraztea eta bide publikoan beste leku alternatibo bat bilatzea, bizilagunen eta negozioen intimitatea, osasungarritasuna eta bizigarritasuna kaltetuko ez dituena. Era berean, Babestutako Eremu Monumentalaren Araudira egokitzeko exijitu dute, hori udalaren zuzeneko erantzukizuna dela gogoraraziz.

