Zinemak eta giza eskubideek bat egingo dute Begiradak jaialdiaren amaiera galan
Garazi Urkola, Ander Lacalla eta Santi Ugalde aktoreak, Begiradak jaialdian.Begiradak Ikertzek antolatutako Zinema Amateurraren Nazioarteko Begiradak Jaialdiak bere 12. edizioa itxiko du hilaren 27an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Antzerkia, dantza, musika eta zinema uztartuko ditu galak.
Ekitaldiak formatu berritzailea izango du: bere ahotsa entzunarazi eta film bat aurrera atera nahian dabilen zinemagile baten istorioak gidatuko du saioa. Zuzeneko musikaren, dantzaren, antzerkiaren, umorearen eta emozioaren bidez, zinemak errealitate ezkutuak ikusgai egiteko duen gaitasuna nabarmenduko dute. Hala, adierazpen askatasuna, legearen aurreko berdintasuna eta etxebizitza eskubidea izango dira protagonista hitzorduan.
Ekitaldi horretan jaialdiko film onenak eta Kontaidazu hiria egitasmoko lanik bikainena sarituko dira. Horrez gain, 2026ko Begiradak keinua San Jose ikastetxeari emango diote, Zinema Ikasgelan programan egin duen ibilbide oparoagatik. Bertaratu nahi dutenek azaroaren 3tik aurrera izango dituzte eskuragarri gonbidapenak Viktoria Eugeniako zein Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Zinema eta hezkuntza, eskutik
Amaiera galak itxiera borobila emango dio hilaren 16an Principe zinemetan hasiko den proiekzio zikloari. Aurtengo deialdian 400 lan baino gehiago jaso dira, eta horietatik 22 film labur aukeratu dituzte lehiarako.
Ikus-entzunezkoen hezkuntzak pisu handia izango du aurten ere; izan ere, Zinema eta hitza programari esker, Gipuzkoako 18 ikastetxetako 1.300 ikasle inguru bilduko dira. Bertan, gazteek filmak ikusi eta profesionalekin solasean aritzeko aukera izango dute. Herritarrek ere badute saio hauetara joateko aukera, baina doako plazak aurrez gorde behar dira begiradakfestival@ikertze.net helbidera idatzita.

