2026ko euskarazko produktuen gida argitaratu dute, 12 urte arteko haurrentzat
Euskaragidaren azala.Euskara Zerbitzua Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 2026ko Euskaragida argitaratu du. Haurrei zuzendutako euskarazko produktu berrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu hainbat ataletan sailkatuta: liburuak, komikiak, aplikazioak, podcastak, jokoak, musika eta abar. Liburuen eskaintza oparoa izanda, hiru adin tarteka dago banatuta: 0-4 urte, 5-9 urte eta 10-12 urte. Era horretan, gurasoek errazago aurkituko dituzte euren seme-alabentzat egokiak diren produktuak. Gidan produktu bakoitzaren prezioa ere ageri da.
Aurten ere, 12 urtetik beherako haurren artean banatuko dute gida, hiriko ikastetxeekin elkarlanean. Horrez gain, zenbait saltokitan ere eskuratu ahal izango da. Guztira 12.000 ale banatuko dituzte.
Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokak ateak zabalduko ditu euskarazko literaturaren berrikuntzekin eta handik gutxira Gabonak iritsiko dira. Beraz, horien aurretik banatuko du gida Udaleko Euskara Zerbitzuak, garai ezin hobea baita euskarazko liburuak erosi edota oparitzeko eta horiez gozatzeko.
Kerman Orbegozo Euskara zinegotziak adierazi duenez, gida lagungarria izango da euskarazko produktuen aukeraketa egokia egiteko: “Irakurtzea plazer bihurtzen da haurrak bere intereseko liburua topatzen duenean. Horretan laguntzeko da gida hau. Liburuaren ezaugarriekin eta gaiarekin asmatuz gero, haurrak gusturago irakurriko du eta irakurtzeko zaletasuna areagotu egingo zaio. Beraz, gida tresna lagungarria dela iruditzen zaigu. Pantailak baztertu eta liburu fisikoa erabiltzea gomendatzen dizuegu, irakurritakoa hobeto ulertzen eta sormena garatzen laguntzen baitu”.

