Indarkeria matxistaren aurreko isiltasuna hausteko deia egin du udalak
Azaroaren 25erako kanpaina aurkeztu du udalak: 'Hautsi'.Donostiako Udala Donostiako Udalak aurkeztu du Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunari —azaroak 25— lotutako kanpaina. Aurtengo edizioak Hautsi hitza aukeratu du lelo gisa, eraso matxisten inguruan gizartean maiz sortzen den isiltasuna eta konplizitatea apurtzeko helburuarekin. Ekimenaren bidez, erantzukizun kolektiboa sustatu nahi dute, nabarmenduz herritarrak ezin direla geldirik geratu edo ezin dutela beste alde batera begiratu, egoera horien aurrean.
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, indarkeria matxista “eguneroko errealitatea” da emakume, haur eta nerabeentzat, eta eremu anitzetan ematen da: kalean, lantokian, etxean, kirolean nahiz sare sozialetan. Moduari dagokionez, indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa zein bikarioa izan daitekeela gogorarazi du: “Horregatik, ez da nahikoa kondenatzea: identifikatu egin behar dugu, prebenitu, eta konplizitate modu guztiak saihestu”, adierazi du. Gizarte osoa interpelatu nahi izan du zinegotziak, jokabide matxistei garrantzirik ez kentzeko eta portaera horiek inolaz ere ez justifikatzeko eskatuz. Ildo horretan, komunitatearen erantzuna funtsezkoa dela nabarmendu du, indarkeria horiek antzeman eta horiei aurre egiteko.
Testuinguru horretan, Oyarbidek egun honen aldarrikapen izaera azpimarratu du, baina argi utziz lana ez dela egun bakarrera mugatzen: “Azaroaren 25a aldarrikapenerako eta ikusgarritasuna areagotzeko eguna da, baina gure konpromisoa ez da mugatzen data jakin batera. Udalak eta, bereziki, Berdintasun Bulegoak urte guztian jarraituko dugu lanean, indarkeria matxistak prebenitzeko eta indarkeria horiek pairatzen dituzten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko”.
Egitaraua eta hedapena
Kanpainari oihartzuna emateko, udalaren webguneaz eta sare sozialez gain, Dbuseko autobusak erabiliko dituzte: puntu moreak jarriko dituzte ibilgailuetan eta barneko pantailetan kanpainaren berri emango dute. Halaber, Gazteria Atala, kultur etxeak eta Emakumeen Etxea ere aktiboki arituko dira lanean.
Programa ofizialak kulturarekin, hezkuntzarekin eta sentsibilizazioarekin lotutako jarduera ugari bilduko ditu publiko zabalarentzat. Lugaritz kultur etxean antzerki emanaldiak izango dira, eta hiriko hainbat auzotako haurtxoko eta gaztelekuetan tailerrak egingo dituzte berdintasunari buruz hausnartzeko, errespetuan oinarritutako harremanak sustatzeko eta indarkeriaren identifikazioa lantzeko. Egitarauarekin amaitzeko, hala, abenduaren 15ean gida bat aurkeztuko dute Emakumeen Etxean, indarkeria matxisten erreparazio printzipioan desgaitasuna nola txertatu azaltzeko.
Irudiaren diseinua, belaunaldi berrien esku
Aurten ere, kanpainaren irudia diseinatzea eta leloa hautatzea Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko goi mailako heziketa zikloko bigarren mailako ikasleen lana izan da. Lankidetza horrek hemezortzigarren edizioa du aurten, eta modua ematen du belaunaldi berriak indarkeria matxisten inguruko gogoetan eta sentsibilizazio sozialean inplikatzeko.

