Itaiak erakundeen kudeaketa salatu eta kaleko mobilizazioa indartzera deitu du azaroaren 25ean
Azaroaren 25aren atarian, Itaiak indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan kokatzearen garrantzia nabarmendu du.Itaia Azaroaren 25aren atarian, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan kokatzearen garrantzia nabarmendu du. Antolakundeak salatu du emakume langileek jasaten duten indarkeria etengabea izateaz gain, gero eta bortitzagoa dela. Horren erakusgarri dira, euren esanetan, kalean gertatzen diren hilketa matxistak eta foroetan zabaltzen diren emakumeen argazki sexualizatuak.
Hala, kritika bikoitza plazaratu dute; alde batetik, eskuinari eta ultraeskuinari egotzi diete erasotzaileen zigorgabetasuna elikatzea eta emakumeen aurkako diskurtso zein erasoak normalizatzea. Bestetik, azken urteetan agintean egon diren ezkerreko alderdien jarduna ere gogor salatu dute. Itaiaren arabera, alderdi horiek ez dute indarkeria matxista lehentasunezko gaitzat hartu: instituzio kapitalisten kudeaketa hutsera mugatu dira, baliabideak urrituz eta emakumeen babesa bermatu gabe. Kudeaketa horren ondorio larritzat jo dituzte, esaterako, urruntze aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etxebizitza alternatiborik gabe uzten dituzten etxegabetzeak.
Hiru lan ildo
Antolakundearen iritziz, kaleko mobilizazioa apaltzeak ideia faxista eta matxistei aurre egiteko indarra ahuldu du. Egoera horri buelta emateko, instituzioetatik kanpo egongo den mugimendu independente eta indartsu bat sortzea aldarrikatu dute, hiru lan ildo nagusiren inguruan. Lehenik eta behin, ezinbestekotzat jo dute gero eta pertsona gehiagok matxismoaren aurkako jarrera hartzea, erasotzaileei inolako espaziorik ez uzteko. Bigarrenik, emakumeen babesa benetan bermatzeko, kalitatezko bizi baldintzen aldeko borroka ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Eta, azkenik, auzo eta herrietako antolakuntza indartzeko premia nabarmendu dute, mobilizazioa behetik gora sustatzeko asmoz.
Borrokarako egitaraua
Ildo horiei tiraka, eta antolakuntza nahiz saretzea sustatzeko helburuarekin, Itaiak egitarau zehatza prestatu du egunotan Donostian. Hasteko, bihar, hilak 18, lan eguna egingo dute Zentro Sozialistan. Larunbatean, hilak 21, 11:00etan, Etxebizitza, emakumeon aurkako indarkeria espazio hitzaldia eskainiko dute Aitor Ikastolan, eta, jarraian, propaganda eta hamaiketako girotua egongo dira. Amaitzeko, kanpainaren mobilizazio nagusia hilaren 25ean egingo dute; 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean.
Itaiak argi utzi du indarkeria matxistaren “kudeaketa hutsa” ez dela konponbidea. Arazo honekin behin betiko amaitzeko borrokara batzeko eskatu dute eta, horretarako, ‘Indarkeria matxistaren aurka borrokatu’ lelopean, azaroaren 25ean kalera ateratzeko deialdia luzatu dute.

