Teknikariek greba egingo dute azaroaren 26an eta 27an
Teknikarien agerraldi bat.UGT Lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzen dute ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek, eta beste bi greba egun antolatu dituzte azarorako Hego Euskal Herrian. Teknikariok, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek deitu dute grebara. Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren azken bi egunetan egingo dute greba, eta, beraz, eragin nabarmena eduki dezake, nagusiki, Donostian eta beste hiru hiriburuetan.
Patronalekin hitzarmen bat negoziatzeko mahaiak sortuta daude Nafarroan eta Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, baina sindikatuek salatu dute negoziaketa “blokeatuta” dagoela. Hain zuzen ere, horregatik deitu dute grebara, besteak beste. Soldaten hobekuntzak, ordutegi hobeak eta atsedenerako eskubidearekin lotutako neurriak eskatzen ari dira teknikariak, nagusiki.
Maiatzetik hona, hainbat lanuzte egin dituzte teknikariek, besteak beste, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Aste Nagusietan, eragin handiarekin.

