Abisu horia ezarri dute, itsasaldeko arriskua dela eta
Olatuak Pasealeku Berrian. Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak jakinarazi duenez, abisu horia ezarri dute 09:00etan, itsasaldeko arriskuarengatik. Pasealeku Berria itxita dago autoentzat, eta 20:00tan guztiz itxiko da. Hortik aurrera alerta laranja aktibatuko da, beraz, egun osoa itxita egongo da guztiz.
Bestalde, bihar, hilak 19, alerta laranja mantenduko dute kostaldean, eta hainbat neurri hartu dituzte. Itxita egongo dira Pasealeku Berria oinezkoentzat zein ibilgailuentzat —Argazkilarien Elkartetik aurrera—, Salamanca pasealekua oinezkoentzat zein ibilgailuentzat —ibilgailuen desbideraketa, Soraluze kaletik Aldamar kalera—, Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia. Horrekin batera, Santa Klara uharteko garraio eta bisita zerbitzua bertan behera utziko dute.
Bestalde, udalak gogorarazi du uretara sartzen diren pertsonek beren erantzukizunpean egingo dutela.

