Benjamin Clementineren ahotsak eta pianoak hartuko dute Viktoria Eugenia, maiatzean
Benjamin Clementine artista britainiarra.Viktoria Eugenia Antzokia Datorren maiatzaren 7an, 19:30ean, Benjamin Clementine britainiarrak bere abestiak formatu intimoan aurkeztuko ditu Donostian. Emanaldia Viktoria Eugenia Clubean izango da, eta sarrerek 45 €, 38 € eta 32 €-ko prezioa izango dute.
Mercury Saridun den konpositore eta pianista Back to Basics birarekin iritsiko da hirira. Oinarrietara itzuliko da Clementine, kontzertuan: bere musika erarik puruenean eskainiko du bakarkako formatuan, soilik pianoaren eta bere ahotsaren laguntzaz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikuskizun arrunt bat baino gehiago, publikoarekin elkarrizketa bat izatea bilatuko du konpositoreak. Horretarako, isiltasunak berebiziko garrantzia izango du, soinuari bezainbeste pisu emanez eta gau bakoitzari izaera “bakar eta errepikaezina” eskainiz. Emanaldian, zaleek artistaren kanta arrakastatsuenak jatorrian sortu ziren bezalaxe entzuteko aukera izango dute.

