'Contramapas' egitasmoa aurkeztu dute, Euskal Herriaren eta Kanarien arteko lotura kulturala sendotzeko
Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu dute gaur Contramapas proiektua. Donostia Kultura Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu dute gaur Contramapas proiektua. Ekimena Atlas Kultur eta Ingurumen Elkarteak sustatu du, Donostia Kulturaren eta Urmugaren babesarekin. Ekitaldian Donostia Kulturako, Urmugako, Contramapaseko eta Las Palmas 2031 Europako Kultur Hiriburutzako Bulegoko ordezkariek hartu dute parte.
Urtero Kanariar Uharteak oinez zeharkatzen dituen Contramapas proiektuak hiri eremuetara zabaldu du bere jarduna, oinez ibiltzea berrikuntza sozialerako eta parte hartze komunitariorako tresna gisa aldarrikatuz. Ekimen hau, neurri batean, Urmuga euskal musika eta mendi proiektuak bultzatuta sortu zen. Hiru urteko elkarlan horren emaitza gisa, gaurko prentsaurrekoan El Hierro Urmuga film laburra proiektatu dute. Ion Ansak zuzendutako eta Gexan Mendizabalen irudiak dituen lan honek ekainean Urmugako kideek El Hierron eskainitako sei kontzertuak eta uharteko immigrazioaren errealitate gordina islatzen ditu.
Zubiak eraikitzen
Erakundeen ordezkariei dagokienez, Ana Lopez Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak Euskadiren eta Kanarien arteko harreman bikaina nabarmendu du, eta mendi ibiliak euskal kultura ulertzeko elementu funtsezkotzat jo ditu. Bestalde, Las Palmas 2031 bulegoko ordezkari Elvira Rovirak adierazi du Donostia 2016 inspirazio iturri izaten jarraitzen duela haien hautagaitzarako, eta halako proiektu partekatuek lurraldeen artean zubiak eraikitzeko balio dutela azpimarratu du.
Amaitzeko, bihar, ostegunarekin, Contramapas Donostia ibilbide kolektiboa egingo dute. Jarduera honen bidez, hiriaren geografia fisikoa nahiz humanoa esploratu eta Kanarien eta Euskal Herriaren arteko kultur loturak estutzen jarraitzea da helburua.

