Donostia Kirolak kirol egokitua hurbilduko die herritarrei 'Denok jokoan' programaren bidez
Donostia Kirolak kirol egokitua hurbilduko die herritarrei 'Denok jokoan' programaren bidez.Donostia Kirola Donostia Kirolak Denok jokoan programa aurkeztu du, kirol inklusiboa sustatzeko, desgaitasuna dutenen parte hartzea bultzatzeko eta kirola eskuragarriagoa izateko helburuarekin. Sentsibilizazioa, erakustaldiak, jarduera irekiak eta lehiaketak uztartuko ditu egitarauak.
Ekimena Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin lankidetzan sortu dute, eta hainbat eragileren inplikazioa du: Askatuak, Konporta, Bera Bera, Fortuna, Hernani Rugby, Ostadar, Atzegi eta Kemen klubena, zein Gipuzkoako futbol eta boleibol federazioena.
Lankidetza, ezinbestekoa
Iñaki Gabarain Kiroleko eta Bizitza Osasungarriko zinegotziaren hitzetan, ezinbestekoa da erakunde, klub eta federazioek lankidetzan jardutea kirol kudeaketa inklusiboa lortzeko. Ildo berean, Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidenteak nabarmendu du ekimen honek ikusgarritasuna emango diela desgaitasuna duten kirolariak barne hartzen dituzten klubei, instalazioetaz baldintza berdinetan gozatzeko aukera bermatuz.
Bestalde, Rural Kutxako Iñigo Calafellek adierazi du erakunde ezberdinak ideia beraren inguruan biltzearen balioa, eta Salto Fundazioko Borja Ganzarainek berretsi du hogei urte baino gehiago daramatzatela lanean kirola bazterketarik gabeko errealitate izan dadin, zailtasun handienak dituzten kolektiboetan arreta jarriz.
Asteburuko kirol eskaintza
Egitaraua hilaren 20an, ostiral honetan, hasiko da. Amara Berri ikastetxeko lehen eta bigarren zikloko 400 ikasletik gora Gaska kiroldegira joango dira powerchair entrenamendu bat ezagutzera, eta, ostean, gazteentzako gurpil aulkiko saskibaloi jardunaldi irekia egingo dute.
Azaroaren 21ean, larunbatean, Anoetako kirol instalazioetan egingo dute jardunaldi nagusia. Goizean, estadio txikian, ibilbide inklusibo luzea duten errugbi eta futbol jarduerak egingo dituzte. Jarduera sinboliko gisa, parte hartzaile guztiek martxa bateratu bat egingo dute estadio txikiaren inguruan, eta ondoren Bedu Avatak hamaiketako osasungarria eskainiko du. Halaber, Anoetako Kirol Hirian herritarrek hainbat modalitate praktikatu ahal izango dituzte: hartubola (boleibol egokitua), esgrima egokitua eta gurpil aulkiko saskibaloia 3x3ko kantxa batean. Goizeko txanda 13:30ean bukatuko da Paco Yoldi kiroldegian egingo den zumbaton inklusibo batekin.
Arratsaldean lehiaketaren txanda izango da: Atano III.a frontoiak Gipuzkoako Slalom Txapelketa hartuko du, eta eguna Gaska kiroldegian amaituko da, gurpil aulkiko saskibaloi-ligako Gasteizko Zuzenak eta Salto Bera Bera taldeen arteko partida ofizialarekin.
Sentsibilizazioa ikastetxeetan
Ekitaldi horiez gain, programak sentsibilizazio jarduerak bultzatuko ditu aste osoan zehar hiriko hainbat ikastetxetan. DBH 1 eta DBH 2ko 250 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte ordu eta erdiko saioetan eta lau klubek bideratuko dituzte saio hauek: Ostadarrek Aldapeta ikastetxean, Kemenek Elai-Enean, Atzegik Maria Reinan eta Konportak Jakintzan.

