Hamazazpi orkidea espezie identifikatu dituzte Donostian, 250 behaketatan
Orkideazain proiektuak bere lehenengo fruituak eman ditu, eta aurrera jarraitzeko bilera informatiboa egingo dute asteazken honetan (hilak 18).
'Serapias lingua' espezieko orkidea basatia, Donostian, artxiboko irudi batean.Donostiako Udala 2026. urtearen hasieran, Orkideazain proiektua abiatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako Udaleko Parke eta Lorategietako Sailak, Donostiako udalerrian aurkitu daitezkeen orkideak identifikatzeko helburuarekin. Egitasmoak dagoeneko eman ditu bere fruituak, eta Aranzadik lehenengo datuak eman ditu aditzera: hamazazpi orkidea espezie identifikatu dituzte hiriko kale, jardin eta bestelakoetan, 250 behaketatan. Hain zuzen ere, hiriko hainbat gunetan loratu izan dira orkidea basatiak azken urteotan.
Aranzadiko kideek ez ezik, herritarrek ere egin dituzte behaketa horietako asko, donostiarrak eta inguruko udalerrietako herritarrak egitasmoan parte hartzera deitu baitzituzten Aranzadik eta udalak; bi ibilaldi ere antolatu zituzten. Behaketak, batez ere, Ibaetan, Antiguan eta Erdialdean egin dituzte, eta herritarrek, landare horiek zenbatu eta identifikatu ostean, datuak Aranzadirekin partekatu dituzte, iNaturalist izeneko software baten bidez.
Aranzadik munduko ikerlari guztien esku utzi ditu datuak, “zientziari ekarpen baliotsu bat eginda”, elkartearen hitzetan. Informazio hori guztia kontuan hartuta, “hiriko gune berdeen kudeaketa plana zehazten du Parke eta Lorategietako Sailak, horren arabera orkideak babesteko mantenu egokia burutuz”, nabarmendu du Aranzadik.
Aurrera jarraituko du
Orkideazain egitasmoa ez da hemen bukatuko, Aranzadik azaldu duenez: “Parte hartzaileekin azken bilera bat egitea da asmoa, azaroaren 18an. Bertan, urtean zehar eduki dituzten zalantzak argituko dira eta hurrengo urteko plangintza osatuko da. Datorren urtean parte hartzeko interesa duen edonor etor daiteke eta proiektua zertan datzan ikusi”. Bilera hori Urdaneta kaleko 13. zenbakian izango da, azaroaren 18an (gaur), 17:00etan.
Orchidaceae landare familiak 20.000 espezie eta 750 genero inguru barneratzen ditu mundu osoan, eta horietako 22 Euskal Herrian topatu daitezke. “Gehienak geofitoak dira, hau da, urteko garai luze bat igarotzen dute lur azpian eta loraketa garaian baino ezin dira ikusi”, nabarmendu du Aranzadik.

