Udalak metroaren aurkako protesta Easoko kioskoan egiteko baimena «ukatu» diola salatu du Satorralaiak
Satorralaiak kokatutako metroaren aurkako pankarta, Urgullen, artxiboko irudi batean..Joseba Parron San Sebastian Donostiako topoaren igarobidea, azkenik, larunbat honetan (hilak 21) irekiko du Eusko Jaurlaritzak, eta azpiegitura hori abiaraztearekin batera, protesta umoretsua egitekoa zen Satorralaia plataforma, Easo plazan, 12:00etan. Plataformako kideek salatu dutenez, ordea, protesta hori Easo plazako kioskoan gauzatzeko baimena “ukatu” dio Donostiako Udalak Satorralaiari.
“Baimen ukapen horrek gure elkarretaratzearen helburu eta motiboengatik oztopoak jartzeko hartutako erabaki maltzur edo ondoriorik gabeko amorrualdi baten itxura du”, Satorralaiaren ustez. Baimenaren eskatzaileak “erantzukizun zibileko aseguru bat” eduki behar duela dio udalak Satorralaiari bidalitako jakinarazpenak, baina horrekin kritiko agertu dira Satorralaiakoak: “Udalean eskaera erregistratzeko erabilitako formularioan, baldintza hori kasu guztietan (karpak edo agertoki txikiak izan ezik) bete behar dela dio, argi eta garbi. Eta gure eskaeran zehazten denez, bi haima txiki (3×3 metrokoak), bi mahai eta hamabi eserleku jartzea da gure asmoa. Beraz, kasu honetan ez da beharrezkoa erantzukizun zibileko aseguru bat izatea”.
Udalak, hala ere, ez du protesta bera debekatu: “Dena den, ezespen hau udalaren jabari publikoko espazioaren okupazioari baino ez dagokio, eta ez du inolako mugarik ezartzen biltzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubidearen erabileran”, dio jakinarazpenak. Horrela, elkarretaratzearekin aurrera jarraituko du Satorralaiak, larunbatean (hilak 21) 12:00etan Easo plazan, eta udalak kioskoa erabiltzen utzi ez izana salatzeko ere baliatuko dute.

