Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoaren bigarren itzulia Donostian hasiko da
Illunbe, artxiboko irudian. Larunbatean, hilak 21, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Donostiara etorriko da, finalaurrekoen bigarren itzuliarekin, Illunben, 17:00etan. Finalaurrekoen bosgarren saioa izango da eta honakoek parte hartuko dute: Agin Laburu Rezola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Aner Peritz Manterola, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar.
Gaiak ematen Ander Aranburu Arriola izango da, eta honako ariketak egin beharko dituzte oholtzara igotzen diren bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian/bost puntuko txikian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian/lau puntuko handian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian
- Ganbarako lana: gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Sarrerak oraindik lortzeko aukera badago, hemen, edo egunean bertan, leihatilan, 15:30ean zabalduko dena. Etxetik zuzenean jarraitu nahi duenak ere egin dezake bertsoa.eus, ETB 2 ON kate edo ETB ON plataformaren bitartez.

