Ehungintza merkataritzako langileek greba egingo dute asteazkenean
Aurreko greba bateko irudia.ELA Gipuzkoako ehungintza merkataritzaren sektoreko langileek hiru greba egun egingo dituzte Eguberriak bitartean. Lehena, asteazkenean, hilak 25; gainerako biak, abenduaren 22an eta 23an. ELA sindikatuak egin du deialdia hitzarmena negoziatzeko zortzi bileraren ondoren, ADEGI patronalak ez baitu proposamenik egin.
Gipuzkoako ehungintza merkataritzan 2.200 langile inguru daude, eta horietatik % 95 baino gehiago emakumeak dira. Sektore honek zailtasun handiak ditu, eta horrek zuzenean eragiten die langileen bizitzari: kontziliaziorako aukera gutxi ordutegien ondorioz, etengabeko aldaketak funtzioetan eta zereginetan, lanpostuak murriztea digitalizazio prozesuen ondorioz eta lan karga handiak, besteak beste.
Horiei erantzuteko aldarrikapenen artean, lanaldi murrizketa, soldata hobekuntzak, kontziliazioa erraztuko duten neurriak, larunbat libreak, plus berriak eta lan baldintzak hobetzea eskatzen dute.
Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera datorren ostegunean, hilak 26, egingo dute. Bertan gehiengo duen ELA sindikatuak (sektoreko ordezkaritzaren %83,56 du) ohartarazi du langileen aldarrikapenei heldu gabe jarraituz gero, greba egun gehiago egingo dituztela.
Aurreko hitzarmena 2023an sinatu zen, 19 greba egunen ondoren.

