Foru Aldundiak, Adinberrik eta GOEk elikadura osasungarria sustatzeko BIDE erronka aurkeztu dute
Foru Aldundiak, Adinberrik eta GOEk elikadura osasungarria sustatzeko BIDE erronka aurkeztu dute.Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak BIDE izeneko 21 eguneko erronka aurkeztu dute. Basque Culinary Centerreko GOE zentro teknologikoarekin batera garatutako ekimena 55 urtetik gorako herritarrentzat da bereziki, eta helburu du haien elikadura ohiturak hobetzea, bizitza osasungarriagoa eta autonomoagoa sustatzeko.
Abenduaren 17an hasi eta urtarrilaren 25ean amaituko da programa, eta bi modalitate izango ditu: aurrez aurrekoa —150 plaza eskainiko dira GOEn egingo diren jardueretarako— eta online jarraipena. Antolatzaileen arabera, elikadura osasungarriari buruzko teoria eguneroko bizitzara eramatea da asmoa; besteak beste, menu orekatuak planifikatzen, produktuen etiketak interpretatzen, erosketa arduratsuak egiten eta plater elikagarriak zein goxoak prestatzen ikasteko.
Hiru tailer eta aplikazio bat
Prestakuntza egitarauak hiru saio praktiko izango ditu urtarrilean. Lehenengoa, Alimenta tu longevidad, urtarrilaren 14an egingo dute eta otordu orekatuen plangintza izango du ardatz. Urtarrilaren 21ean, Compra responsable y saludable tailerrean, produktuak ondo aukeratzen eta nutrizio etiketak ulertzen ikasiko dute parte hartzaileek. Azkenik, urtarrilaren 25ean, Cocinar es también cuidar saioak sukaldaritza teknikak eta osagaien konbinazioak landuko ditu.
Saio presentzial horiek guztiak grabatu egingo dituzte, modalitate digitala hautatzen dutenek ere jarraitu ahal izan ditzaten. Horrez gain, GOEk aplikazio bat garatu du errezetekin, bideoekin eta nutrizio gomendioekin. Programa amaitzen duten guztien artean, gainera, hamasei lagunentzako esperientzia gastronomiko bat zozkatuko dute GOEko sukaldeetan.
Ekimenean parte hartzeko ez da beharrezkoa nutrizioari edo sukaldaritzari buruzko aldez aurreko ezagutzarik izatea. Izen ematea zabalik dago dagoeneko, bai aurrez aurreko modalitaterako, bai online formaturako.

